Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadik covid-19aren aurkako 10.692 txerto jarri ditu
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak otsailerako "adinekoen eta langile soziosanitarioen populazio osora" iristea aurreikusten dutela adierazi du.
I. G. | EITB MEDIA
Euskadik, orain arte, 10.692 txerto jarri ditu covid-19aren aurkako txertaketa kanpainaren barruan, modu "egokian", "zuhur" eta "mailakatuan", Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez. Otsailerako "adinekoen eta langile soziosanitarioen populazio osora" iristea aurreikusten dutela adierazi du.
Bilbon emandako prentsaurreko batean, sailburuak EAEk Pfizer-BioNtechen 405 dosi jaso zituela gogorarazi du, eta beste 15.600 dosi jaso zituela abenduaren 29an, eta kopuru bereko hirugarren bat astelehenean.
Lehen egun horietan, egoitzetako 10.692 pertsonari jarri zaie txertoa. Gogorarazi duenez, EAEk "erreserba estrategiko bat" mantentzea erabaki du, hornidura faltaren kasuan, "lehenengo dosia jaso duten pertsonei bigarren dosia emateko aukera izatea bermatzeko, txertoaren zehaztapenek aurreikusten duten bezala, immunizazio egokia lortzeko".
Sagarduiren hitzetan, txertoa "modu egokian" jartzen ari dira. Osasun Sailak eta Osakidetzak "balorazio positiboa" egin dute. "Txerto berria da eta modu zuhur eta mailakatuan hasi gara", esan du sailburuak, eta "txertoa jartzeko aste beteko epea" daramatela gogorarazi du.
Halaber, "urtarrilean eta otsaileko asteren batean adinekoen eta langile soziosanitarioen populazio osora iritsi ahal izango da", gaineratu du.