Gizartea -

Koronabirusa

Egoera "oso larria" dela esan du Urkulluk, eta Gabonetako eraginaz ohartarazi du

Lehendakariak ohartarazi duenez, covid-19aren bilakaera "negatiboa eta kezkagarria" da EAEn, eta joera hori "datozen egunetan baieztatu daiteke, beraz, ospitaleratzeetan ere eragina izango du".

LABIko batzorde teknikoaren bilera. Artxiboko argazkia: Irekia
LABIko batzorde teknikoaren bilera.
LABIko batzorde teknikoaren bilera. Artxiboko argazkia: Irekia

A. O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, pandemiaren egoera "oso larria" da Euskadin une honetan. Ildo horretatik, Gabonetako jai eta ospakizunen eragina "urtarrilean zehar" jasan daitekeela gaineratu du. Atzo, positibotasun tasa % 7,1ekoa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).

Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Euskadiko Babes Zibileko Planaren batzorde teknikoa (LABI) ostiral honetan bertan eta astelehenean bilduko dela gogorarazi du lehendakariak. Bertan, covid-19aren bilakaera aztertuko dute, baina Urkulluk ez du datozen egunetan har daitezkeen neurri murriztaile berrien inguruko xehetasunik eman.

Dena dela, dagoeneko indarrean dauden neurriak betetzeko eskatu die herritarrei. Izan ere, neurri horiek "gizartean dituzten ondorio sozio-ekonomikoak eta emozionalak modu orekatuan kontuan hartuta" ezarri direla gaineratu du. Hala, egunero "xehetasun eta gardentasun osoz" jakinarazi direla esan du.

Urkulluren hitzetan, urte amaierako ospakizunek "kontaktu handiagoa sustatzen dute familiarekin zein lagunekin", eta, beraz, "arrisku handiko unea da" honakoa, "kontaktuak eta kutsatzeak bizkortzea eragin dezakeena".

"Urtarrilean zehar jasan dezakegu horren eragina, gure inguruko herrialde askotan gertatzen hasi den bezala" ohartarazi du, eta egoera epidemiologikoaren adierazle batzuk Euskadin 3. mailatik 4.era igaro direla gaineratu du, "joera" eta "erreprodukzio-indizea" esaterako.

Gainerako adierazleetan, "geldialdi argia dago azaroaren hasieratik izandako bilakaera positiboan". Hori dela eta, lehendakariaren iritziz, une honetako egoera "negatiboa eta kezkagarria" da, eta joera hori "datozen egunetan baieztatu daiteke, beraz, ospitaleratzeetan, zainketa intentsiboetako unitateetan eta, azkenik, heriotzetan ere eragina izango du".

Horrenbestez, Euskadin ezin dira gaur egun indarrean dauden neurri murriztaileak malgutu, lurraldea "erabateko zaintza eta kontrola eskatzen duen ziurgabetasun eta arrisku egoeran" jarraitzen duen bitartean. Hori dela eta, Errege egunean eta asteburuan "prebentzio eta osasun publikoko neurriekiko konpromisoa mantentzeko" eskatu die herritarrei.

Bestalde, lehendakariak indarrean dauden neurri murriztaile batzuk gogora ekarri ditu, eta zergatik ezarri diren azaldu du. Horrez gain, covid-19aren aurkako txertaketa kanpainaren abiadura ere aipatu du. Bere esanetan, erabakitako martxan do, aurreneko txertotik bigarrenera hiru aste baino gehiago ez igarotzea aurreikusi dutelako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Bilbo Donostia Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea LABI bilera gaur