Gizartea -
Koronabirusa
8.072 pertsonari jarri diete covid-19aren aurkako txertoa Hego Euskal Herrian
Eusko Jaurlaritzak 31.605 dosi jaso eta 5.553 erabili ditu. Nafarroako Gobernuak, berriz, 11.850 txerto bildu ditu eta horietatik 2.651 baliatu ditu.
GAIZKA PALACIOS | EITB MEDIA
Koronabirusari aurre egiteko txertaketa kanpaina abenduaren 27an abiatu zen eta harrezkero 8.072 laguni jarri diete Pfizer eta BioNTech konpainiek garatutako txertoa Hego Euskal Herrian.
Espainiako Osasun Ministerioak erkidegoei igorritako txertoei eta gaur arte jarri direnei buruzko datuak publiko egin ditu. Eusko Jaurlaritzak 31.605 dosi jaso eta 5.553 erabili ditu (% 17,6). Nafarroako Gobernuak, berriz, 11.850 txerto bildu ditu eta horietatik 2.651 baliatu ditu (% 22,4).
Bi gobernuek atzo zehaztu zutenez, txerto horietako batzuk gorde egingo dituzte, pertsona bakoitzak bi dosi jaso behar dituelako eta bigarren dosia 21 egunetara eman behar delako.
Abenduaren lehen fase honetan, erresidentzietako langileei eta adineko pertsonei jarriko diete txertoa, baita koronabirusaren aurka lehen lerroan ari diren osasun arloko beharginei ere.
Guztira, Espainiako Gobernuak 743.295 dosi banatu ditu Estatuan eta 139.339 pertsonari jarri diete txertoa. Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, Asturias da txertaketa kanpaina azkarren egiten ari den erkidegoa, jasotako dosien % 54,5 erabili baititu jada. Kantabria (% 5,1) eta Madril (% 5,4) dira, berriz, zentzu horretan okerren dauden erkidegoak.