Gizartea -
Koronabirusa
Baheketa masiboa egingo dute ostegunean eta ostiralean Erriberrin
Koronabirusa detektatzeko probak 18 eta 40 urte arteko pertsonei eta 60 urtetik gorakoei zuzenduta egongo dira, eta herriko kiroldegian egingo dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuaren Osasun departamentuak baheketa masiboa egingo du ostegunean eta ostiralean Erriberrin, azken egunetan koronabirusaren eraginak nabarmen gora egin duela antzeman ostean.
Gobernuak eta Udalak zabaldutako oharraren arabera, azken hamar egunetan beste 33 kasu detektatu dituzte, eta, ondorioz, pandemia hasi zenetik 254 pertsona kutsatu dira herrian.
Osasun departamenduak esan du kasu gehienetan senideekin eta lagunekin egindako topaketetan kutsatu direla. Hala, segurtasun neurriak zorrotz betetzeko eta topaketa sozialak ahalik eta gehien saihesteko deia egin du.
Koronabirusa detektatzeko probak 18 eta 40 urte arteko pertsonei eta 60 urtetik gorakoei zuzenduta egongo dira, eta herriko kiroldegian egingo dituzte, 09:00etatik 20:00etara bitartean. Guztira, 2.000 lagun inguru daude proban parte hartzera deituta.
Baheketatik kanpo geratuko dira azken 10 egunetan PCR proba egin duten herritarrak nahiz azken hiru hilabeteetan positibo eman dutenak.