Gizartea -
Zaldibarko zabortegia
Elkarretaratzeak deitu dituzte Zaldibarko luizitik 11 hilabete igaro direnean
Urtarrilaren 6an manifestazioak egingo dituzte Zaldibarren eta Eibarren, eta elkarretaratzeak Ermuan, Zallan, Etxebarrian, Zaldibarren eta Elgetan.
I. G. | EITB MEDIA
Martxek eta elkarretaratzeek gogoraraziko dituzte Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze Bizkaiko eta Gipuzkoako sei udalerritan, Zaldibarko hondakin industrialen zabortegian izandako luiziaren ondorioz bi beharginak hil zirenetik 11 hilabete igaro direnean.
Bi langileak lurperatuta geratu ziren, eta, bilaketa lan handia egin ondoren, Alberto Sololuzeren gorpuzkiak aurkitu zituzten abuztuan. Joaquin Beltranen gorpua, berriz, hondakinen azpian dago oraindik, eta lurra mugitzen jarraitzen dute, non dagoen jakiteko.
Zaldibar Argitu plataformak ohar batean azaldu duenez, bi langileak gogorarazteko eta erakundeei Joaquin zabortegitik "lehenbailehen ateratzeko" eskatzeko, urtarrilaren 6an manifestazioak egingo dituzte Zaldibarren eta Eibarren, baita elkarretaratzeak Ermuan, Zallan, Etxebarrian, Zaldibarren eta Elgetan ere.
Era berean, zabortegian izandako luiziaren erantzukizuna argitzea eta agintari publikoei osasuna eta ingurumena babesteko ere eskatuko dute mobilizazioetan.