Gizartea -

GABONAK

Opil Solidarioaren errazioak eten digitalari aurre egiteko Donostian

Bigarren edizioa bihar (urtarrilak 5) izango da, 10:00etatik 14:00etara, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Donostiako Opil Solidarioaren kartela. Argazkia: Caritas Gipuzkoa
Donostiako Opil Solidarioaren kartela
Donostiako Opil Solidarioaren kartela. Argazkia: Caritas Gipuzkoa

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Caritasek milaka Errege-opil errazio banatuko ditu bihar (asteartez) Donostian egingo den Opil Solidarioaren bigarren edizioan. Ekitaldia material informatikoa erosteko dirua biltzeko egingo da, neurri batean, familia ahuleko ikasle batzuek pairatzen duten eten digitalari aurre egiteko.

Donostiako Gipuzkoa plazan egongo dira salgai 10:00etatik 14:00etara. Boluntarioek  banatuko dituzten poltsak irabiaki bat, katiluan prestatzeko txokolate zorro bat, opil zati bat eta hainbat sorpresa izango dituzte. Parte-hartzaileek ezin izango dituzte poltsak tokian bertan kontsumitu, covid-19aren aurkako segurtasun-neurriak direla eta.

Opil Solidarioak gizartea inplikatu nahi du haur eta gazteen bazterketaren eta pobreziaren aurkako borrokan, baita bazterketa eta pobrezia eragiten duten arrazoien inguruan sentsibilizatu eta adingabeen bizi-baldintzak hobetzeko garatzen dituen proiektuei laguntzeko dirua bildu ere.

Ekitaldia Gipuzkoako Caritasek antolatu du, Donostiako Gaztelubide, Zubigain eta Union Artesana elkarteekin eta Eroski enpresarekin elkarlanean. Rafa Gorrotxategi gozogileak egingo du ehun bat opil solidario; eta txokolatea, KITZIN bidezko Merkataritza dendakoa izango da.

Sustatzaileen arabera, proiektua egungo pandemia-egoeran burua altxatzeko modu bat da, birus hilgarri horren hedapena geldiarazteko besteak zaintzea eskatzen digulako; eta, aldi berean, oso errotuta dagoen tradizio batean murgiltzen gaituelako eta errealitate ahulenetatik gertu egoteko eta laguntzen jarraitzeko aletxo bat jartzeko aukera ematen duelako.

Conchi Elespe Gipuzkoako Caritaseko administratzaileak azaldu duenez, zati bakoitza behartsuenekiko hurbiltasun keinu bat eta solidaritatezko hondar ale txiki bat izango da. Ekimenaren helburua 2.000 euro biltzea da. Baina Elespek azaldu duenez, baliteke hori baino gehiago biltzea. Izan ere, zatien ordainketa dohaintzatzat hartzen da eta pertsona batzuek diru gehiago ematen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Donostia Gipuzkoa Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Errege magoak