Gizartea -
Loteria
EAEko herritar bakoitzak 22,4 euro gastatuko ditu Erregetako loterian
Estatuko batez besteko zifra 17,5 eurokoa da; Nafarroakoa, aldiz, 13,61 eurokoa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritar bakoitzak 22,4 euro gastatuko ditu, batez beste, Erregetako loterian, Estatukoa baino zifra nabarmen handiagoa (17,5).
Kalkulu hauek euskaldun bakoitzak gastatuko lukeen diruari dagozkio, Estatuko Loteria eta Apustu Elkarteak Euskadin salgai jarritako 247.461 billeteak salduko balira.
Izan ere, herritarrek gastatutako diruaren benetako kopurua ezin izango baita kalkulatu zozketaren bezperan txartelen salmenta amaitu arte.
Ohikoa denez, bizkaitarrek gastatuko dute diru gehien (28,4); arabarrek, 17 euro; eta gipuzkoarrek, 15,2.
Halaber, Euskadi da Erregetako loterian gehien gastatu duen laugarren erkidegoa, Gaztela eta Leon (27,53), Asturias (25,84) eta Valentzia (25,05) aurrean dituela.
Nafarroa, aldiz, diru gutxien gastatu duen erkidegoen artean dago: 13,61 euro per capita, hain zuzen.
Sariak
Erregetako loteriak 700 milioi euro banatuko ditu, iaz bezala.
Urtarrilaren 6an egingo da zozketa, 12:00etan, Madrilgo Estatuko Zozketa eta Loteria eta Apustuen Aretoan.
Lehenengo saria serieko bi milioi eurokoa izango da. Bigarrena serieko 750.000 eurokoa eta hirugarrena serieko 250.000 eurokoa.