Gizartea -
Abisu horia
Elurrak errepideen egoera zaildu du asteburuan
Arantzazu, Artikutza, Bizkaiko behatokia, Elosua, Larreineta eta Urkiola mendateak itxita daude elurragatik eta izotzagatik. Kontuz ibiltzeko eskatzen dute Altuben eta Etzegaraten.
I. G. | EITB MEDIA
Arantzazu, Artikutza, Bizkaiko behatokia, Elosua, Larreineta eta Urkiola mendateak, guztiak bigarren mailako sarekoak, itxita daude ibilgailuentzat, elurra edo izotza dela eta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, kamioiek eta artikulatuek debekatuta dute pasatzea Ubal mendatean, eta auto-gidariei arreta eskatu diete; Zaldiaranen, berriz, kateak erabili behar dituzte ibilgailu mota guztiek.
Halaber, izotza eta elurra direla eta, 30 mendate baino gehiagotan kontuz gidatzeko gomendatu dute. Tartean dira AP-68a, Altube parean, eta N-1 errepidea, Etzegaraten.
Elurragatik gaurko eta biharko ezarritako abisu horia luzatu egin dute, gainera. Igandean eta astelehenean 300 eta 500 metro artekoa izango da elur-kota, baina asteartean 200-400era jaitsiko da. Dena dela, abisu horia urtarrilaren 5eko 18:00etan amaitzea aurreikusten dute, prezipitazioak gutxitzearekin batera.
Nafarroa
A-1 autobideak (Iparraldeko autobia) zirkulazio etenaldiak ditu igande honetan Gipuzkoan, Irunerako noranzkoan, elurrak kamioien zirkulazioa oztopatzen baitu. Beraz, A-10 errepidetik (Sakanako autobia) eta A-15 errepidetik (Leitzarango autobia) desbideratzea gomendatzen da.
Bigarren mailako errepideetan kateak erabili behar dira NA-137 errepidean (Burgi-Isaba-Ipar Euskal Herria) 45. puntu kilometrikoan (Hagako Mata, Belaguako portuaren hasiera), eta itxita dago 58. Puntu kilometrikotik. NA-7510 errepidea (Aralarko San Migelerako sarbidea) ere itxita dago.
Salbuespen gisa, egoera meteorologikoagatik, Erronkariko haranera sartzeko baimena ematen da Aragoiko probintzia-muga zeharkatuz, A-137 errepidearen bidez. Errepide hori Carrica Bentatik abiatzen da, Esako urtegian, eta NA-137rekin lotzen da Burgiko udalerrian. Horrela, NA-214 (Nabaskoze-Burgi) errepidea erabiltzea eta Las Coronaseko portutik igarotzea saihesten da.
Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 53 makina prest ditu elurrari eta izotzari aurre egiteko. Hala ere, kontuz gidatzeko eskatu die gidariei, eta goizaldean 60 makina martxan jartzeko asmoa du Foru Exekutiboak.
22:00etatik aurrera elurra kentzeko 46 makina egongo dira lanean, 06:00etatik aurrera 60 makina izango dira.