Gizartea -

Urte amaierako mezua

Oposizioak elkarrizketa gehiago eskatu dio Urkulluri, urte amaierako mezuaren ostean

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeek lehendakariak esandako hitzak baloratu dituzte. Ildo horretatik, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diote.

Oposizioak elkarrizketa gehiago eskatu dio Urkulluri. Argazkia: EITB Media
Oposizioak elkarrizketa gehiago eskatu dio Urkulluri, urte amaierako mezuaren ostean
Oposizioak elkarrizketa gehiago eskatu dio Urkulluri, urte amaierako mezuaren ostean

1:04

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak urte amaierako mezua eskaini du ostegun honetan, abenduaren 31n. Lehendakariaren hitzetan, "lehentasunak argi daude: osasun sistema indartzea, hezkuntza bermatzea, ekonomia suspertzea, behar gehien duten pertsonei eta sektore kaltetuenei laguntza ematea eta enplegua berreskuratzea". Horren ondoren, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden taldeek haien iritziak eman dituzte:

Ildo horretatik, "krisi hau gainditzeko" Urkulluk eta bere alderdiak euskal herritarrengan "konfiantza" dutela azpimarratu du Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak. Bere iritziz, horrek ez du esan nahi lehendakaria "autokonplazentzian" erori denik.

Urkulluk "krisi hau gainditzeko" herritarrengan duen "konfiantza" nabarmendu du Egibarrek (EAJ)

Testuinguru horretan, euskal herritarrak, zerbitzu publikoak eta erakundeak pandemia betean "erreakzionatzeko gai" izan direla azpimarratu du Egibarrek.

Halaber, askatasunak eta eskubideak "erronka kolektiboekin" uztartzeko, eta, egoerak hala eskatu duenean, eskubide pertsonaletan murrizketak egiteko orduan lehendakariak erakutsi duen jarrera txalotu du EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak.

"Ez da autokonplazentzia. Lehendakariak, erakundeek, eta guk geuk, EAJ garen aldetik, herri honetan eta bertako herritarrengan sinesten dugu, eta gai izango gara krisi hau eta gerora etor daitezkeen guztiak gainditzeko", esan du Egibarrek. Horrez gain, Urkulluk bere mezuan hizpide izan dituen "konfiantza" eta "autoestimua" aipatu ditu Egibarrek, "ondo islatu duen" planteamenduaren ardatz gisa.

Bestalde, lehendakariak bere hitzaldian oinarrizko zerbitzu eta profesionalen lana goraipatu arren, 2021eko aurrekontuetan ez dela islatzen zerbitzu publikoak indartzeko "ahalegina" kritikatu du Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak.

EH Bilduren ustez Urkulluren politikak ez du zerbitzu publikoen aldeko apustua egiten

"Urteetan zehar hartutako erabaki politikoen, murrizketen eta oinarrizko zerbitzuen pribatizazioaren ondorio krudelenak jasan ditugu", adierazi du Kortajarenak, eta lehendakariak "krisi honen ondorio larrienak jasan duten sektoreei elkartasuna adieraztea eta onena eman duten profesionalei eskerrak ematea ez da nahikoa".

Bere ustez, politika publikoak aldatzeko unea da, eta Urkullu "ez doa norabide horretan", bere ustez, aurrekontuen proiektuak erakusten duen bezala. Bertan, ez da ikusten "aipatzen duen ahalegin hori" krisiaren ondorioz kaltetuenak direnak babesteko eta zerbitzu publikoak indartzeko.

Horrez gain, elkarlanaz eta "auzolanaz" hitz egitea aurpegiratu dio Kortajarenak Urkulluri, bere jardun politikoa azken hilabeteetan "bakarrizketa bihurtu denean".

Eneko Andueza PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramaileak, berriz, urte berriarekin batera euskal gizarteak dituen erronkei aurre egiteko egonkortasun politikoa ezinbestekoa dela azpimarratu du.

Andueza (PSE): "Egonkortasun politikoa ezinbestekoa da urte berrirako"

Orain amaitu den urtearen inguruan, PSE-EEk egindako lana aztertu du Anduezak, lehendakariaren mezuari inolako aipamenik egin gabe.Testuingur horretan, sozialistek publikotasunarekin duten konpromisoa berretsi du, eta datorren urterako aurreikuspenak aipatu ditu.

"2020a hasi genuenean inork ez zuen uste koronabirusak zailtasun handiko hainbeste une ekarriko zituenik. Aurten, guztioi argi geratu zaigu politika publikoak indartzearen garrantzia, eta, bereziki, oinarrizko zerbitzu publikoak indartzearena, hala nola osasuna eta hezkuntza. Sozialistok beti egon gara zerbitzu publiko horiekin konprometituta, hemen Euskadin, guk eraiki ditugulako, eta gobernuetatik hala egiten jarraituko dugu", azpimarratu du.

Anduezak uste du egonkortasun hori "sozialisten eskutik" datorrela, ez bakarrik Eusko Jaurlaritzara, baizik eta koalizioan dauden beste erakunde batzuetara ere, bai udaletara, aldundietara eta baita Espainiako Gobernura ere.

Elkarrekin Podemosetik, oposizioko alderdiekin batera lan egitera prest egoteko eskatu dio Pilar Garrido alderdi horretako koordinatzaile nagusiak lehendakariari, pandemiari aurre egiteko eta zainketen sektorea "erdigunean" jartzeko.

 Garridok (Elkarrekin Podemos) "adostasuna" eskatu dio Urkulluri zainketen sektorea hobetzeko

Bere iritziz, "ez da nahikoa oinarrizko zerbitzuetako langileei eta zerbitzu soziosanitarioetako langileei eskerrak ematea", ezta "txaloak eskaintzea" ere. Garridoren esanetan, beharrezkoa da langile horien eskubideak aitortzea, "haien eskaerak entzutea eta lan-baldintza duin eta egokiak eskaintzea".

"Nolanahi ere, oso positibotzat jotzen dugu Jaurlaritzaren zintzotasuna, egindako akatsak onartu dituelako", gaineratu du Garridok, baina "ondorioak ateratzeko" eskatu dio Jaurlaritzari. Hala, Elkarrekin Podemos bide horretatik lan egiteko prest dagoela esan dio Garridok Urkolluri, aurrerantzean ere bere "ekarpenak egiten" jarraituko dituela esanez.

Bestalde, lehendakariak urte amaierako mezuan erakutsi duen "autokonplazentzia" arbuiatu du Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak, oraindik ere pandemia batean murgilduta gaudela gogora ekarriz, eta Eusko Jaurlaritza bere "bazkideen kudeaketa kaotikoaz" kutsatu dela adierazi du, Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias PSOEko eta Unidas Podemoseko buruzagiak aipatuz.

Iturgaizek (PP) Urkulluren "autokonplazentzia" deitoratu du, eta bere gobernua PSOEren eta UPren "kudeaketa kaotikoaz kutsatu" dela esan du

"Lehendakariak herrialdearen benetako arazoak alde batera utzi ditu bere hitzaldian, besteak beste, bere gobernuko osasun arduradunak pandemia betean ihes egiten eta dimisioa ematen ari direla, osasun langileekin izandako liskarrengatik, denok dakigun bezala", ziurtatu du Iturgaizek.

Halaber, bere mezuan ez duela covid-19ak gehien kaltetutako sektoreak aipatu nabarmendu du; besteak beste, ostalariak, merkatariak eta autonomoak. Gainera, "bere gobernuaren arduragabekeriagatik laguntzarik gabe" sentitzen direla esan du.

Bestalde, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidearen iritziz, lehendakariak argi eta garbi erakutsi du ez dela "euskal herritarrek merezi duten liderra", eta "autokonplazentzia gehiegizkoa" izatea kritikatu du. Ildo horretatik, egungo krisitik ateratzeko "proposamen zehatzik ez egitea" salatu du.

"Ez da duina esatea hartutako neurriak zailak izan direla; zuretzat eta zure ingurukoentzat, behintzat, ez. Bai ordea enplegu-erregulazioko espedientean dauden langileentzat, lantegiak itxi dituzten enpresarientzat, babes-ekipamendurik gabe hainbeste denbora lan egin duten osasun-langileentzat, ostalarientzat eta negozioen pertsiana jaistera behartuta dauden merkatarientzat", gaineratu du Martinezek.

Martinez (Vox): "Urkulluk argi eta garbi erakutsi du ez dela herritarrok behar dugun liderra"

Voxeko legebiltzarkideak ohar batean azaldu duenez, "euskal gizarteak mezu baikorra merezi du, ziur bainago egoera zail hau gaindituko dugula. Hori bai, argi daukat ez dela lehendakariari eta EAEn gobernatzen duten politikariei esker izango, herritar guztien ahalegin kolektibo eta arduratsuari esker baizik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak albisteak Gaixotasunak Gizartea bideoak EH Bildu Bizkaia PSE-EE Gipuzkoa PP Araba Gaurko titularrak Eguneko albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak gaur Txertoak egutegia Vox Koronabirusaren olatua gaur