Gizartea -
KORONABIRUSA
508 kutsatze atzeman ditu Euskadik eta positiboen tasa % 6,1era igo da
Atzo pertsona gutxiago ospitaleratu zituzten eta zainketa intentsiboetako oheetan 79 gaixo daude, aurreko eguneko kopuru bera.
N. B. | EITB MEDIA
Euskadik eguneko 500 kutsatzeen marka gainditu du berriro, 508 kutsatu baitira asteazken honetan, eta positibotasun tasa % 6,1era igo da.
Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera, asteazkenean aurreko egunean baino kutsatze gutxiago atzeman zituzten (bederatzi gutxiago), baina egindako proba diagnostikoekin alderatuta, positiboen tasa % 6tik % 6,1era igo da. Guztira, 8.324 proba egin zituzten eta asteartean 8.657.
EAEko ospitaleetan 28 pertsona ospitaleratu dituzte asteazken honetan, aurreko egunean baino 25 gutxiago, eta 79 dira gaixotasun hori duten pertsonak zainketa intentsiboetako unitateetan, aurreko eguneko berberak.
241 kutsatze berri izan dira Bizkaian (astelehenean baino 25 gehiago), 189 Gipuzkoan (18 gutxiago) eta 64 Araban (24 gutxiago). Gainera, autonomia-erkidegotik kanpo bizi diren 14 pertsonak positibo eman dute.
Datorren astelehenera arte ez dituzte eguneratuko beste datu batzuk, hala nola Euskadi osoan eta udalerrien arabera metatutako eraginari buruzko informazioa eta R0 indizea.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ostegun honetan Urtezahar gauean "egoeraz jabetzeko" eta "guztion onerako murrizketak betetzeko" eskatu die herritarrei.
Nafarroan 137 koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken orduetan, eta 130 zenbatu zituen aurreko egunean, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Bestalde, Espainian 10.217 kasu berri zenbatu dituzte azken 24 orduetan. Beraz, Espainian 1.928.265era igo da pandemia hasi zenetik kutatutako pertsonen kopurua, datu ofizialen arabera. Halaber, 148 pertsona gehiago hil dira. Orain arte, beraz, 50.837 pertsona hil dira birusa Espainiara iritsi zenetik.
Euskadiko zahar-etxeetako egoera
EAEko zahar-etxeetako egoerari dagokionez, Gipuzkoan hiru kasu berri baieztatu dituzte azken orduetan, eta ez da heriotza gehiagorik izan koronabirusaren eraginez. Zehazki, Errenteriako Sanmarkosene, Oñatiko San Martin eta Andoaingo San Juan Bautista egoitzetan atzeman dituzte kasu berriak.
Bestalde, Bizkaiko adinekoentzako egoitzetan ez da inor hil covid-19aren eraginez azken bi egunetan. Testuinguru horretan, une honetan 144 egoiliar daude kutsatuta, azken zenbaketan baino 15 gutxiago, eta beste 38 erabiltzaile -6 gehiago- ospitaleratuta daude.
Gainera, koronabirusak eragindako infekzio kasuak artatzeko asmoz Bizkaiko Foru Aldundiak Birjinetxen (Bilbo) eta Unben irekitako izaera soziosanitarioko unitate espezializatuek Bizkaiko zahar-etxeetako 63 egoiliar dituzte, duela bi eguneko kopuru bera.
Araban, koronabirusarekin kutsatutako egoiliar bat atzeman dute azken orduetan, eta Gasteizko IMQ Igurco egoitza pribatuko erabiltzaile bat hil da. Ondorioz, 34 pertsona hild dira jada Arabako egoitzetan, koronabirusak eragindako pandemiaren bigarren olatu honetan.