Gizartea -
Koronabirusa
Bermeo eta Ataungo ostalaritzak ezin izango ditu ateak ireki
Ordizia, Errezil, Leintz Gatzaga, Segura eta Zaldibia zerrendatik atera dira. Guztira, zortzi udalerrik ezin izango dituzte ostalaritzako establezimenduak ireki, pandemiaren bilakaera dela eta.
EiTB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko zortzi udalerritako (Gipuzkoako sei eta Bizkaiko bi) ostalaritzako establezimenduek ezin izango dituzte ateak ireki, covid-19aren pandemiaren bilakaera dela eta.
Osasun Sailak ostegun honetan jakitera eman duen ebazpen baten arabera, 100.000 biztanleko 500 kasutik gora dituzten 5.000 biztanletik gorako udalerriak ondorengoak dira: Aretxabaleta, Azpeitia, Beasain, Arrasate, Bermeo eta Arrigorriaga. Herri horiek ezin izango dituzte tabernak eta jatetxeak ireki.
Ildo horretan, Ordiziak zerrenda horretatik ateratzea lortu du, azken egunetako datuak hobetu baititu.
Bestalde, Eskoriatzan eta Ataunen (Gipuzkoan) ostalaritza ez irekitzea erabaki du Osasun Sailak. Kasu honetan, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriak diren arren, Gotzone Sagarduik zuzentzen duen Sailak uste du bertako egoera epidemiologikoak tabernak eta jatetxeak ez irekitzea eskatzen duela.
Errezil, Leintz Gatzaga, Segura eta Zaldibia zerrenda horretatik irten dira, egoerak hobera egin ondoren.
Hala eta guztiz ere, astelehenero eta ostegunero ebazpen berri bat argitaratuko dute, udalerri horietan pandemiak izan duen bilakaera ezagutarazteko, eta, horrenbestez, tabernak irekitzeko debekua kendu dieten ala ez jakinarazteko.