Gizartea -
KORONABIRUSA
MOE: "Argia dago tunelaren amaieran eta bidea elkarrekin eginez iritsiko gara"
Urte amaierako hitzaldian, Munduko Osasun Erakundeko zuzendariak pandemia hizpide izan du. "Familia bat gara eta elkarrekin gaude honetan", azpimarratu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aurreikusi zitekeen bezala, pandemia izan du hizpide nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendariak urte amaierako bere hitzaldian. "Aukeraketa erraza da" eta urte berriari begira itxaropen mezua eman nahi izan du: "Argia dago tunelaren amaieran eta bidea elkarrekin eginez iritsiko gara. MOE zurekin dago. Familia bat gara eta elkarrekin gaude honetan", gaineratu du.
MOEren iritziz, 2020. urteak erakutsi du gobernuek osasun publikoan inbertsioa handitu egin behar dutela. Ildo horretan, bi kontu aipatu ditu: batetik, txertoak munduko pertsona guztientzako eskuragarri egon behar duela; bestetik, osasun sistema hobetu behar dela hurrengo pandemia prebenitzeko eta horri erantzuteko".
Bestalde, txertoa herrialde guztietara iristea eskatu du, "Ez bakarrik ahal dutenengana". Horretarako, Tedrosen arabera, OMEk mundu mailan txertoa banatzeko abian jarritako COVAX mekanismoak "4.000 milioi dolar baino gehiago behar ditu diru-sarrera txikiak eta txiki-ertainak dituzten herrialdeentzat txertoak erosteko". "Erronka horri aurre egin behar diogu urte berrian", azpimarratu du.
Hala ere, mundu osoari covid-19aren aurkako txertoa jartzeko denbora beharko denez, neurriak betetzen jarraitzeko deia egin du "guztiok seguru mantentzeko".