Gizartea -
KORONABIRUSA
EAEk koronabirusaren aurkako txertaketari ekin dio berriro
Igandean txertaketa modu sinbolikoan abiatu bazen ere, txertaketa masiboa goizean abiatu da ofizialki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
EITB MEDIA
Igandean modu sinbolikoan lehen txertoak jarri bazituzten ere, gaur hasi da ofizialki modu orokortuan koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).
Igandean jarri ziren 450 txerto sinbolikoak alde batera utzita, gaur hasi da txertaketa masiboa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lehenik eta behin, adinekoen egoitzetako egoiliarrak eta langileak eta lehen lerroan lanean ari diren osasun langileak txertatuko dituzte.
Araban, Gasteizko Zadorra adinekoen egoitzako egoiliarrei eta langileei jarriko diete txertoa eta Gipuzkoan, Tolosako Uzturre aukeratu dute. Bestalde, ez dute zehaztu Bizkaian txertaketa non egingo duten.
Txertoak atzo iritsi ziren Pfizerrek Belgikan duen lantegitik Hernaniko Bexen Medical kooperatibara, Foronda bidez.
Gaurtik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) banatuko dituzten covid-19aren aurkako txertoaren 16.000 dosiak Hernaniko Bexen Medical kooperatibak gordeko ditu, Pfizerrek eta BioNTechek garatutako txertoek -70 ºC baino gutxiagoko tenperatura behar dutelako eraginkorrak izateko.
Hernaniko Bexen Medical kooperatibako teknikariek kontrolatuko dute egunero EAEn banatuko diren txertoen egoera, modu egokian desizoztu daitezen.
Bezperan, hurrengo egunean EAEn jarriko diren txertoak desizoztuko dira Hernaniko enpresan, teknikarien zaintzapean. Ondoren, botika banatzailearen esku utziko dute azken horrek 4 eta 5 gradu arteko tenperaturan banatu dezan.