Gizartea -
BetiON
BetiON telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaileen % 96 pozik dago
Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak jakitera eman duenez, zerbitzuaren hedapena legealdi honetako funtsezko helburua izango da, eta aurrekontua 1.200.000 eurorekin handituko da horretarako.
eitb media
BetiON telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaileen % 96 pozik dago jasotako zerbitzuarekin. Hala adierazi du Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak aurkeztu duen inkesta batek.
Ikerketa Ikerfel enpresak egin du azaroan, 401 telefono-elkarrizketen bidez. Jaurlaritzak jakitera eman duenez, inkestan parte hartu duten hiru pertsonatik bik 80 urte baino gehiagokoak dira.
Inkestaren arabera, telelaguntza zerbitzua jasotzen duten ia 58.000 erabiltzaileek 5 puntutik 4,6ko batez besteko puntuazioa eman diote zerbitzuaren gogobetetasun mailari.
Erabiltzaileek, gainera, hainbat ezaugarri azpimarratu dituzte: adibidez, larrialdi bat gertatuz gero eskaintzen den laguntza, erabiltzaileen senideei ematen zaien lasaitasuna eta edozein gorabeheraren aurrean laguntza eskatzeko aukera. Alderdi hauek guztiek % 95eko babesa jaso dute.
Halaber, Artolazabal sailburuaren hitzetan, zerbitzuaren hedapena bultzatzea legealdi honetako funtsezko helburua izango da. “Legealdia amaitu aurretik, 80 urtetik gorako pertsona guztiek betiON zerbitzuaren lepoko gorria izatea nahi dugu".
“2021ean, bakarrik dauden pertsonentzako arreta-lerro bat abiaraziko dugu. Hori aurrekontua 1.200.000 euro handituta egingo dugu” adierazi du, iragan astean Legebiltzarrean aurkeztutako aurrekontuei erreferentzia eginez.