Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
EAEko sei udalerrik jarraitzen dute eremu gorrian
Ez da aldaketa handirik egon semaforoan. Bermeon eta Lekeition datuek okerrera egin dute, eta eremu laranjara igaro dira.
eitb media
Gaur-gaurkoz sei udalerri daude eremu gorrian Euskal Autonomia Erkidegoan, covid-19ak Euskadin herriz herri izandako eragina aztertzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Eremu latzenetik ezin irtenda dabiltza Aretxabaleta, Arrasate, Arrigorriaga, Azpeitia, Beasain eta Ordizia.
Gipuzkoan, Aretxabaletak, Arrasatek, Azpeitiak, Beasainek eta Ordiziak gune kritikoenean jarraituko dute. Hala ere, aipatzekoa da udalerri guztietan tasa 1.000tik beherakoa dela.
Eremu laranjan daude Azkoitia, Bergara, Errenteria, Legazpi eta Oñati.
Astigarragak, Eibarrek, Zarautzek eta Zumarragak datuak hobetu dituzte, eta eremu laranjara igaro dira. Honako udalerriak ere eremu horretan daude: Andoain, Deba, Donostia, Elgoibar, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Orio, Pasaia, Tolosa, Urretxu, Villabona eta Zumaia.
Urnieta eta Usurbil, datuak hobetuta, eremu berdera igaro dira.
Bizkaian, Arrigorriagak eremu gorrian jarraitzen du. Lurralde horretan intzidentzia maila gorenean dagoen udalerri bakarra da.
Muskizek bigarren mailan jarraitzen du. Bermeo eta Lekeitio ere, datuek txarrera eginda, bigarren mailan daude.
Barakaldo, Bilbo eta Zornotza eremu horira igaro dira, beste hainbat udalerrirekin batera: Abadiño, Abanto-Zierbena, Balmaseda, Basauri, Berango, Bermeo, Derio, Durango, Elorrio, Ermua, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Leioa, Lekeitio, Mungia, Ondarroa, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapagaran eta Zalla.
Gueñes eta Balmasedak eremu berdean jarraitzen dute, eta Gorliz batu zaie.
Arabako datuei dagokienez, Gasteiz hiriburua da eremu laranjan dagoen bakarra.
Agurainek eta Laudiok, berriz, kolore horia dute, baita Amurriok ere.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako eragin-tasaren arabera sailkatu ditu EAEko udalerriak. Zehazki, semaforo horrek kolore berde, laranja, hori edo gorriarekin sailkatzen ditu 5.000 biztanletik gorako udalerriak, azken asteetan atzemandako koronabirus kasu berrien arabera. Zehazki, koloreak horrela erabiltzen dira: