Gizartea -

Koronabirusa

Ia 300 kasu berri erregistratu dituzte EAEn, eta positibo tasa % 6,2ra igo da

4830 proba diagnostiko egin dira guztira autonomia erkidegoan, eta inzidentzia tasa 242,09koa da.

Osasun langile bat, PCR bat egiten. EITBren bideo batetik hartutako irudia
Osasun langile bat, PCR bat egiten.
EAEko sei herrik gorrian jarraitzen dute

1:23

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan 298 covid-19 kasu berri erregistratu dira azken orduetan. Aurreko egunarekin konparatuta, 72 gehiago izan dira (226 zenbatu zituzten larunbatean).

Positibo tasak ere gora egin du aurreko datuarekin alderatuta. Proben % 6,2k eman dute positibo.

Lurraldeka, kopururik handiena Bizkaian erregistratu da: 151 positibo berri. Gipuzkoan 94 kasu berri zenbatu dira azken orduetan, eta Araban 49 izan dira. Beste 4 kasuak EAEtik kanpoko pertsonenak dira.

100.000 biztanleko azken 14 egunetako intzidentzia tasa apur bat jaitsi da Araban, baina lurralde horretakoak jarraitzen du izaten altuena: 308,77. Bizkaian (206,15) eta Gipuzkoan (264,5) apur bat igo dira, aurreko egunarekin alderatuta.

EAEko ospitaleen egoerari dagokionez, 31 pertsona ospitaleratu dituzte covid-19arekin igandean, aurreko egunean baino 8 gehiago. Zaintza intentsiboetako unitateetan 83 pertsona daude momentu honetan, aurreko egunean baino hiru gutxiago.

Oinarrizko birsorkuntza tasa 0,88koa da autonomia erkidegoan. Hiru lurraldeetan da 1etik beherakoa.

Erresidentzien egoera

Bizkaiko adinekoen egoitzetan dauden hiru egoiliar hil dira covid-19arengatik azken bi egunetan. Guztira, 129 egoiliar hil dira pandemiaren bigarren olatuan lurralde honetan. Kutsatuta dauden adinekoen kopurua 138tik 159ra igo da.

Bizkaiko Foru Aldundiak eguneratutako datuen arabera, lurralde honetako erresidentzietan (154 zentro eta 10.748 pertsonarentzako tokia) 159 kutsatu zeuden, atzoko eguna bukatuta. Horietako 32 ospitaleetan daude, orain dela bi egunetan baino 9 gutxiago.

Positibo eman duten langile kopurua 121 da —bi gehiago—, eta beste 88 —hiru gehiago— isolatuta daude, oraindik covid-19a dutela baieztatu gabe.

Aretxabaletako Debagoiena egoitzan azken orduetan izandako bi heriotzaren ondorioz, 126 pertsona hil dira Gipuzkoako adinekoen egoitzen foru sarean joan den abuztuaren 11n COVID-19aren bigarren olatua hasi zenetik.

Aldundiak bere webgunean jakitera eman duenez, astelehen honetan ez dute positiborik antzeman baliabide horietan, eta 6 adinekok gaixotasuna gainditzea lortu dute; beraz, egoitzetako adinekoen artean 147 kasu aktibo daude.

Gaur egun, 44 pertsona ari dira artatzen Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako covid-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan, Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan. Orain arte, 492 adineko sendatu dira gaixotasunetik.

Nafarroan, kasuek behera

Azken orduetan 60 koronabirus kasu berri zenbatu ditu Nafarroak, Foru Gobernuak astelehen honetan emandako datuen arabera.

Espainiak 2.822 positibo zenbatu ditu azken orduetan

Bestalde, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak 24.462 koronabirus kasu berri jakinarazi ditu joan den ostiraletik, Eguberri egunetik, eta horietako 2.822 positibo azken 24 orduetan atzeman dituzte. Hala, Espainian 1.879.413 pertsona kutsatu dira pandemia hasi zenetik.

Osasun Ministerioak gaur emandako datuen arabera, 298 pertsona gehiago hil dira azken orduetan koronabirusaren eraginez; beraz, 50.122 pertsona hil dira dagoeneko covid-19a Espainiara iritsi zenetik.

Gaur egun, 12.172 gaixo daude ospitaleratuta covid-19agatik Espainian, eta horietako 2.022 gaixo zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Azken 24 orduetan, 1.135 ospitaleratze eta 491 alta izan dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa