Gizartea -

KORONABIRUSA

Asteartean 16.000 txerto iritsiko dira EAEra, eta asteazkenean hasiko dira jartzen

Pfizer konpainiak Belgikan duen lantegian izandako "logistika arazo" baten ondorioz, 24 ordu beranduago iritsiko dira koronabirusaren aurkako txertoak Europar Batasuneko herrialde batzuetara.

Pfizer eta BioNTech etxeek garatutako txertoa. Artxiboko argazkia: EFE
Pfizer eta BioNTech etxeek garatutako txertoa
Asteartean 16.000 txerto iritsiko dira EAEra, eta asteazkenean hasiko dira jartzen

1:41

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik asteazken honetan berrekingo dio igandean hasitako covid-19aren aurkako txertaketa-kanpainari. Izan ere, bihar iritsiko dira Pfizer eta BioNTech konpainiek garatu duten txertoaren 16.000 dosi berriak. Txerto horiek, lehenik eta behin, zahar-etxeetako egoiliarrei, bertan lan egiten duten osasun-langileei eta profesional soziosanitarioei jarriko zaizkie, bai eta koronabirusaren aurkako borrokan "lehen lerroan" dauden profesional sanitarioei ere.

Testuinguru horretan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak (65 urte bete ondoren kargua utziko duela iragarri du) eta Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak Gasteizen egindako agerraldian, txertaketa-kanpainaren hasiera eta Euskadiko egoera epidemiologikoa aztertu dituzte.

Osasun sailburuak azaldu duenez, Pfizerrek eta BioNTechek garatutako txertoaren 16.000 dosi berriak astearte honetan iritsiko dira Euskadira; izan ere, prozesu logistikoan izandako arazo batek astelehen honetan Europar Batasuneko herrialde batzuetara iristea atzeratu du (Espainiara, besteak beste).

Hala, horiek kontserbatzeko ezaugarriak kontuan izanda, Hernaniko Bexen Medical kooperatibak gordeko ditu dosi guztiak, txertoek 70 gradu zentigradu baino gutxiagoko tenperatura behar dutelako eraginkorrak izateko.

Sagarduik azaldu duenez, enpresa hori da Estatu osoan tenperatura horietan txertoak mantentzeko gaitasuna duen enpresa bakarrenetako bat. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzaren partez eskerrak eman dizkio Hernaniko Bexen Medical kooperatibari, "hasieratik erakutsitako prestutasunagatik". Osasun sailburuaren hitzetan, "osasun alorrean Euskadin garatuta dagoen azpiegitura agerian geratu da beste behin ere".

Ildo horretatik, dosi horiek alde aurretik desizozteko denbora behar dutenez, txertaketa kanpainarekin asteazkenean zahar-etxeetan jarraitzea aurreikusi dutela jakinarazi du. Halaber, txertoaren erabilgarritasuna une honetan Euskadin eta mundu osoan "mugatua" dela onartu du. Hori dela eta, "euskal herritarrek, beste behin ere, elkartasuna erakutsi behar dute eta lehenengo txertoak pertsona ahulenak babesteko erabili behar direla ulertu behar dute", gaineratu du Sagarduik.

Goizean egindako agerraldian, koronabirusaren aurkako txertaketa kanpainaren lehen fasean txertoa jasoko duten lehentasunezko taldeak zeintzuk diren jakinarazi du: lehenik eta behin, zahar-etxeetako egoiliarrak (17.000 eta 18.000 pertsona inguru), osasun-langileak eta profesional soziosanitarioak (15.000 pertsona inguru); ondoren, "lehen mailako" osasun-langileak; eta, hirugarrenik, gainerako osasun-langileak (30.000 eta 40.000 pertsona artean).

Bere esanetan, txertaketa "prozesu luzea" izango da, eta dosi berriak iristen diren moduaren araberakoa izango da kanpainaren garapena. Halaber, txerto horrek bi dosi behar dituela gogorarazi du, beraz, igandean txertoa hartu zuten 405 pertsonek 21 egunetan bigarren dosia bermatuta izatea ziurtatu behar dute.

Txertoak hegazkinez iritsiko dira Forondara

Bestalde, Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak aurreratu duenez, 369.525 dosi bihar iritsiko dira Madrilera, Bartzelonara, Gasteizera eta Kanarietara, eta erkidego guztiek aurreikusitako ia ehun zetroetara eramango dituzte.

Hala azaldu du Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde Arteko Bileraren osteko agerraldian. Ildo horretatik, koronabirusaren aurkako txertaketa kanpainaren lehen egunean txertoa hartu zuten egoiliar guztiak egoera onean daudela azaldu du, txertoak ez baitu inolako ondoriorik izan haiengan.

Horrez gain, Gabonetan herritarrek izan duten "jarrera" eskertu du Illak, koronabirusari aurre egiteko asmoz ezarritako neurriak errespetatzeagatik, baina geratzen diren jaiegunetan "arduraz jokatzeko" eskatu du.

Nafarroak ez zuen txertoa astelehen honetan jartzeko asmorik

Bestalde, Nafarroako Gobernuak ez zuen aurreikusita astelehen honetan covid-19aren aurkako txertoa jartzea, eta, ondorioz, Pfizer konpainiak Belgikan izan duen gorabehera logistikoak ez du Foru Erkidegoan eraginik izan oraingoz.

Hala, Nafarroako Gobernuak aurreikusi bezala, lehen dosiak igandean eman ostean, txertaketak asteartean jarraituko du hainbat egoitzatan eta profesional soziosanitarioen artean. Logistikako gorabeheraren bat gertatuko balitz, Gobernuak plana nola berrantolatu aztertuko luke, baina oraingoz aurrera jarraitzen du aurreikusitako programarekin, Osasun Departamentuak azaldu duenez.

Foru Erkidegoan igandean hasi ziren covid-19aren aurkako txertoa jartzen, zehazki, Iruñeko El Vergel egoitzan. Hain zuzen ere, Francisco Guerrero Cana 70 urteko iruindarra izan zen txertoa jaso zuen lehen pertsona Nafarroan.

Datorren urteko lehen hiruhilekoan 36.000 pertsona ingururi txertoa jartzeko asmoa du Osasun Departamentuak, betiere Espainiar Estatuarekin koordinatuta eta txertoen eskuragarritasunaren arabera. Lehen fase horretan, zentro soziosanitarioetako biztanleei kolektibo profesional eta sozialak gehituko zaizkie. Martxotik aurrera, gainerako herritarrei txertoa jartzen hasiko lirateke, arrisku taldeen arabera eta Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak ezartzen dituen jarraibideen arabera.

Txertaketa-estrategia lehentasunezko lau taldetan banatzen da lehen etapa honetan. Zehazki, lehen taldea egoiliarrak eta egoitzetan lan egiten duten langileak dira. Horren atzetik, bigarren talde bat dago, covid-19a duten pazienteak zuzenean artatzeagatik birusarekiko esposizio-arrisku handiagoa duten osasun-langileek eta langile soziosanitarioek osatua. Hirugarren taldean, berriz, gainerako langile sanitarioak eta soziosanitarioak daude. Azkenik, laugarren taldean sartzen dira mendekotasun handikotzat jotzen diren pertsonak eta haien zaintzaileak.

Lehentasunezko lau talde horiek bete ondoren, txertaketa-kanpainaren bigarren fasea biztanleria orokorrari egokituko zaio, eta berriz ere etapa progresiboetan sailkatuko da, arrisku-taldeen arabera.

Arazoa, konponduta

Horren harira, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak berretsi du "logistika arazo" bat besterik ez dela izan, eta "dagoeneko konpondu" denez, astearte goizerako txertoak behar den lekuan egongo direla.

Cadena Serren egindako elkarrizketa batean, Illak azpimarratu du ez dagoela "bidaliko den kantitateari buruzko aldaketarik" (astean 350.000 dosi).

Iragan igandean hasi zen txertaketa prozesuari dagokionez, Illak ziurtatu du guztiak ongi funtzionatu zuela, "aurreikusita zegoen moduan, eta esperantza izpi bat ireki zen".

Osasun ministroak uste du pandemiaren amaiera 2021eko uda bukaeran irits daitekeela, Estatuko herritarren % 70 inmunizatzea lortzen dutenean, baina ohartarazi du urtarrila eta otsaila oraindik "gogorrak" izango direla.

Modernaren txertoaren kasuan, Errege Egunean onartzeko esperantza agertu du, "dosiak lehenbailehen irits daitezen".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Gaixotasunak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Txertoak azken ordukoa Koronabirus-agerraldiak