Gizartea -
Koronabirusa
Covid-19aren positibotasun tasak % 5etik gora jarraitzen du EAEn
Atzo 4.281 proba egin zituzten, aurreko egunean baino 600 gehiago, eta 226 pertsonak eman zuten positibo. Positibotasun tasa Europak ezarritako mugaren gainetik dagoen hirugarren eguna da jarraian.
Agentziak | EITB MEDIA
Covid-19aren positibotasun tasak % 5etik gora jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hirugarren egunez jarraian; izan ere, larunbat honetan % 5,3an kokatu da kutsatze tasa hori, aurreko eguneko datuekin alderatuta behera egin duen arren (atzo % 6,2an kokatu zen positibotasun tasa).
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, 4.281 proba diagnostiko egin zituzten larunbatean, aurreko egunean baino 600 gehiago, eta 226 pertsonak eman zuten positibo; ostiralean, berriz, 228 izan ziren.
Gauzak horrela, positibotasun tasa Europar Batasunak ezarritako mugaren gainetik dagoen hirugarren eguna da jarraian: % 5,7 ostegunean, % 6,2 ostiralean eta % 5,3 larunbatean.
Halaber, EAEko ospitaleetako zainketa intentsiboetako unitateetan 86 gaixo larri zeuden larunbatean, aurreko egunean baino bi gehiago. Gainera, beste 23 pertsona ospitaleratu zituzten, aurreko eguneran bezala.
Bestalde, azken orduetan 72 kasu zenbatu dituzte Nafarroan, Foru Gobernuak igande honetan emandako datuen arabera. Aurreko egunean, berriz, 83 koronabirus kasu atzeman zituzten.
Osasun Departamentuak azaldu duenez, 1.275 PCR eta antigeno proba egin dituzte guztira, eta horien % 5,6k eman du positibo. Beraz, positibotasun tasa aurreko egunean baino baxuagoa izan da (% 7,1ekoa izan zen larunbatean).