Gizartea -

KORONABIRUSA

Ipar Euskal Herrian urtarrilaren 4an hasiko dira txertoa jartzen

Frantziako Gobernuak atzo jaso zituen 19.500 dosi, eta Parisko Ospitaletako farmazia nagusiaren biltegian daude gordeta.

Pfizer konpainiak ekoitzitako txertoak. Argazkia: EFE.
Pfizer konpainiak ekoitzitako txertoak.
Pfizer konpainiak ekoitzitako txertoak. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herriko biztanleek astebete itxaron beharko dute txertoa hartzen hasteko. Frantziako Gobernuak egindako plangintzaren arabera, urtarrilaren 4an ekingo diote txertaketa kanpainari, Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko zahar-egoitzetan.

Atzo jaso zituen Frantziak Pfizer eta BioNTech farmazeutikek garatutako txertoaren 19.500 dosi, eta Parisko Ospitaletako farmazia nagusiaren biltegian daude gordeta.  Gaur hasiko dira txertoa jartzen, eta lehendabizikoak Sevranen eta Dijonen dauden egoitzetako egoiliarrei jarriko dizkiete.

Ipar Euskal Herriari dagozkion txertoak Baionako Ospitaleko hozkailuan egongo dira gordeta, txertaketa hasi arte.

Hego Euskal Herrian, gaur

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, gaur hasiko da txertaketa. Igande honetan bertan, hilak 27, txertatuko dituzte lurralde bakoitzeko lau zahar-etxetako egoiliarrak. Hala, zentro horietan jarriko dituzte Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) iritsiko diren lehen 405 txertoak eta Nafarroak jasoko dituen 155 dosiak.

EAEren kasuan, lehen txertoak hiru lurraldeetan jarriko dira aldi berean: Gasteizko Ajuria zahar-etxean (Araba), Elorrio Laguntza Zentroa-GUFE egoitzan (Bizkaia) eta Hondarribiko Caser Betharram zahar-etxean (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan jakinarazi duenez, EAEko zentro soziosanitario horietan jarriko dituzte koronabirusaren aurkako lehen txertoak.

Hala, lehen dosiak goizeko lehen orduan, 09:30 aldera, iritsiko dira Osakidetzaren zentro batera, eta 11:00ak aldera jarriko zaie txertoa lehen egoiliarrei eta osasun langileei.

Igandeko lehen 405 txerto horietatik aurrera, astelehenero 16.000 dosi iritsiko dira, EAEri esleitutako 193.050 dosiak osatu arte.

Nafarroan, bestalde, Iruñeko El Vergel egoitzan jarriko dituzte covid-19aren aurkako lehen txertoak. Arlo soziosanitarioko egoiliarrak eta langileak, 13.000 pertsona inguru, dira lehen txertaketa-etapa honetan lehentasuna dutenak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea berriak Frantzia berriak Baionako argazkiak Gaixotasunak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Zientzia Osasun albisteak gaur Medikuak Gurutzetako ospitalea Erizaintza Medizinak albisteak Txertoak azken ordukoa Nafarroako Ospitale Gunea albisteak Zuberoa COVID fokuak Lapurdiko azken ordua Nafarroa Beherea Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Anbulatorioak albisteak Frantziako Gobernua