Gizartea -
KORONABIRUSA
Txertaketa kanpaina abiatzear, EAEn
Espainiako Gobernuak banatuko ditu txertoak erkidegoen artean. Guadalajarako (Gaztela-Mantxa) biltegi batean daude gordeta, gaur iluntzetik.
I. G. | EITB MEDIA
Gaur arratsaldean, covid-19aren aurkako txertoak Espainiara daramatzan kamioia Irungo mugatik sartu da eta Guadalajararako bideari ekin dio Gipuzkoatik eta Arabatik.
Estatura iristen diren lehen txertoak kamioi bakar batek dakartza, eta Ertzaintzaren patruilek eskoltatu dute. EAEtik igaro ostean, Guadalajaran amaituko du ibilbidea, eta bertatik banatuko dira txertoak Estatu osora.
Txerto horietatik, EAEk 405 txerto jasoko ditu datorren igandean, abenduak 27. Txerto horiek banatzeko prest daude dagoeneko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko egoitzaetan dauden pertsonak immunizatzeko erabiliko dira.
Igandeko sortatik aurrera, astelehenero sorta bat iritsiko dela aurreikusten da, 16.000 dosikoa astean, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako 193.050 dosiak osatu arte.
Bestalde, Salvador Illa Osasun ministroak Lurralde Arteko Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, Espainiak Pfizer eta BioNTechen 4.591.235 dosi jasoko ditu datozen hamabi asteetan, 2.295.638 pertsona immunizatzeko.