Gizartea -
ZALDIBARKO LUIZIA
Airearen kalitatea zaintzeko kanpaina amaitu da Zaldibarren
Eusko Jaurlaritzak erabaki du Zaldibarko airearen kalitatea zaintzeko kanpaina amaitzea "emaitza onak" izan direlako. Kanpaina zabortegia erori eta sutea piztu ostean hasi zen.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak amaitutzat eman du Zaldibarko airearen kalitatea zaintzeko kanpaina —zabortegia erori ondoren abian jarri zena—. Izan ere, "emaitza onak" ikusita baieztatzen da airearen kalitatea ona dela, Euskal Autonomia Erkidegoko beste hirigune batzuetan neurtu diren kontzentrazio tarteen parekoa.
Otsailaren 6an gertatu zen Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak lurperatu zituen Zaldibarko luizia. Hurrengo egunean sute bat piztu zen zabortegiaren goiko aldean; otsailaren 18an kontrolatzea lortu zuten eta 23tik 24ra bitartean erabat itzali zen.
Sute horren emisioek izan zezaketen inpaktuaren aurrean, airearen kalitatea zaintzeari ekin zitzaion. Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, inoiz ez bezalako baliabideak jarri ziren martxan emisio-foku motari, zaindu beharreko kutsatzaileen izaerari eta esposizioagatiko urgentziari eta herritarrentzako arriskuei dagokienez.
Horrela, Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen eta Osasun Publikoko Laborategiaren artean koordinatuta, bi laborategi mugikor, bolumen txikiko bi kaptadore, bolumen handiko lau kaptadore, konposatu organiko lurrunkorretarako eskuzko lagingailu bat eta zuntzetarako eskuzko lau lagingailu erabili ziren zaintza eta jarraipena egiteko.
Ermuan kokatutako laborategi mugikorra maiatzaren 26ra arte mantendu zen. Suteak, hondakinak erretiratzeak eta lurra egonkortzeak airearen kalitatean izan dituzten ondorioak kontrolatu dira toki berean jarritako PM10 partikula-kaptadore baten bidez. Urriaren 26ra arteko datuek erakusten dute PM10 partikulen eta metalen balioak EAEko beste kokaleku batzuen balore tarteetan daudela.
Hori dela eta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eta Ingurumen eta Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren artean koordinatuta, Osasun Publikoko Laborategiaren txostena argitaratu da, eta airearen kalitatea zaintzeko kanpaina amaitutzat jo dute.
Txostenaren emaitzak
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak argitaratutako txostenean deskribatzen dira sutearen emisioekiko inhalazio bidezko esposizioak herritarren osasunean eragin ditzakeen arriskuak eta aztertzen dira datuak. Sutea aktibo zegoenetik (otsailak 8-18) konfinamenduaren aurreko asteetara arte (martxoak 14) egindako zaintzari egiten dio erreferentzia. Eusko Jaurlaritzaren arabera, kutsatzaile horien profila "ez dagokio ohiz kanpoko egoera bati eta ez du eraginik sutearen isurietan".
Txostenak erakusten duenez, sutean erregistratutako PM10 partikulei lotutako hidrokarburo aromatiko poliziklikoen eta metalen batez besteko mailak esposizio kronikoetarako hautatutako erreferentzia-kontzentrazioak baino txikiagoak dira. Beraz, "ez da oso gertagarritzat" jotzen ondorio kaltegarri akutuak edo kronikoak gertatzea.
Dioxinei dagokienez, arnasaren bidezko esposizioa oso urrun dago "ahozko esposizio labur eta tartekoetarako erreferentzia toxikologikoetatik; eta, beraz, efektu akutuak edo horiekin lotutako epe laburrekoak baztergarriak dira".