Gizartea -
Banda ancha
Ia 5.000 baserri gehiagok izango dute banda zabala 2023an
Gainera, Jaurlaritzak 1,46 milioiko laguntzak onartu ditu landa eta itsasertzeko udalerrien garapen eta dibertsifikazio ekonomikorako..
eitb media
Orain arte konexiorik ez zuten ia 5.000 baserri eta etxebizitzak banda zabala izango dute 2023an, zuntz optikoa landa-eremuetan zabaltzeko Eusko Jaurlaritzaren laguntza-programari esker.
Lakuak 3 milioi euro inbertituko ditu 2021 eta 2023 bitartean, Interneterako sarbiderik ez duten 149 gunetara iristeko.
Itelazpi sozietate publikoa arduratuko da programa kudeatzeaz, eta, honela, telekomunikazio-operadoreek aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu.
Operadore horiek arduratuko dira, azkenik, zuntz optikoa landa-eremuetara eramateaz.
Orain arte konpainia horiek ez zuten "erakargarritasun ekonomikorik" ikusten horretan, eta Eusko Jaurlaritzak azpiegitura hori zenbaitetan urrun dauden lekuetara eramatea sustatu nahi du.
Hala, eremu horien eta hirien arteko eten digitalaren aurka borrokatu ahalko da.
Landa-ekonomia sustatzea helburu
Bestetik, Jaurlaritzak 1,46 milioiko laguntzak onartu ditu landa eta itsasertzeko udalerrien garapen eta dibertsifikazio ekonomikorako.
122 udalerritako 93.000 pertsonak izango dute aukera Europar Batasunak elkarrekin finantzatutako programa honetara batzeko.
Udalerri horiek hainbat laguntza eskatzeko aukera izango dute, enpresak sortzeko, handitzeko zein modernizatzeko, edota enpresak kontratatzeko ere.
Azpiegituretarako, oinarrizko zerbitzuetarako eta etxebizitzarako laguntzak ere emango dituzte.