Gizartea -
HEZKUNTZAKO GASTUA
Jaurlaritzak ordenagailu eramangarriak emango dizkie 12-17 urteko ikasle guztiei
Halaber, Haurreskolak Partzuergoak datorren ekitaldirako aurrekontua handituko du, horren partida 57,7 milioi eurokoa izango baita.
A. S. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak 35 milioi euro bideratuko ditu datorren urtean digitalizazio plan batera, Lehen Hezkuntzako 5. maila eta Batxilergoko 2. maila bitarteko ikastetxe publikoetako ikasle guztiek (12 eta 17 urte bitarteko ikasleak barne) ordenagailu eramangarri propioa izatea bermatzeko, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakitera eman duenez.
Bildarratzek astearte honetan aurkeztu du, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia Batzordean, datorren urterako Hezkuntza Sailaren aurrekontu-proiektua. 3.108 milioi eurokoa izango da, hau da, 2020ko aurrekontuarekin alderatuta, % 5,7ko igoera izango du, 2021eko kontu autonomiko guztien % 25.
Hezkuntza Sailak 105,5 milioi euro bideratuko ditu datorren urtean beka eta laguntzetara. Era berean, aniztasunarekiko eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleekiko arretak 25,5 milioi euroko partida aurreikusten du. Atal honetan 3,4 milioi euro gorde dira behar ekonomiko eta emozionalak dituzten ikasleei erantzuna ematera bideratutako ekimenetarako.
Bildarratzek gogorarazi duenez, Hezkuntza Sailak 95,6 milioi euro bideratuko ditu datorren urtean ikasgeletan osasun segurtasuna bermatzeko, covid-19aren aurrean.
Haurreskolak
Haurreskolak Partzuergoak datorren ekitaldirako aurrekontua handituko du. Hala, aurten 53,7 milioi euroko aurrekontua izan ondoren, 2021ean 57,7 milioi eurokoa izango da 2021ean.
Hezkuntza Sailak hizkuntza-proiektu berritzaileak diseinatzeko programak, irakurketa sustatzeko eta ulermena hobetzeko programak eta atzerriko hizkuntzaren kalitatea hobetzeko ekintzak sustatuko ditu. Hezkuntza sistema eleaniztunerantz aurrera egiteko helburuak 6,25 milioi euroko zuzkidura izango du.