Gizartea -

GABONETAKO LOTERIA

Dena prest Gabonetako loteriaren zozketa ezohikoenerako

Lehen aldiz egingo da aurten abenduaren 22ko zozketa publiko barik Madrilgo Errege Antzokian. Jarraitu zuzenean eitb.eus-en 2020ko Gabonetako loteriaren zozketa.

2019ko Gabonetako loteriaren zozketa. Argazkia: EFE
2019ko Gabonetako loteriaren zozketa.
2019ko Gabonetako loteriaren zozketa. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dena prest dago bihar, abenduak 22, Madrilgo Errege Antzokian egingo den Gabonetako loteriaren zozketarako. San Ildefonsoko umeek zenbakien bolak eta sariak abestuko dituzte bihar covid-19ak erabat baldintzatu duten zozketan.

Zozketa 09:00etan hasiko da, urtero bezala, eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahalko da streaming bidez.

Zozketa modu tradizionalean egingo da, baina aldaketa batzuk egongo dira egoera soziosanitarioa dela eta. Historian lehen aldiz, zozketa jenderik gabe egingo da. Gainera, bertaratzen direnek maskarak eramango dituzte, baita San Ildefonsoko umeek ere. Agertokian egongo diren guztiek antigeno test bat egin beharko dute eta segurtasun-distantzia zaindu beharko dute; horretarako, bonboen artean ohi baino tarte handiagoa egongo da, profesionalen artean manparak egongo dira eta presidentearen mahaia lau kidek osatuko dute.

Zozketaren sarien artean lehen hirurak nabarmentzen dira. Lehen sariak, Gabonetako sari “potoloak”, jokatutako euro bakoitzeko 20.000 euro ematen dizkio dezimoaren jabeari (400.000 euro dezimo bakoitzeko); bigarren sariak jokatutako euro bakoitzeko 6.250 euro ematen dizkio irabazleari (125.000 euro dezimo bakoitzeko), eta hirugarren sariak jokatutako euro bakoitzeko 2.500 euro (50.000 euro dezimo bakoitzeko). Gainera, aurten, beste berritasun bat egongo da: 40.000 euroko edo hortik beherako sariek ez dute loteria jakin batzuen sariek izan ohi duten karga berezirik izango.

Gaur, astelehena, da zenbaki bat eskuratzeko eta zozketan parte hartzeko azken eguna.

Urte zaila

2020a urte zaila izan da loteriaren sektorearentzat. Hego Euskal Herrian, administrazioek % 20 eta % 50 arteko jaitsiera aurreikusten dute salmentetan, eta ostalaritzaren itxierak eta mugikortasun murrizketek salmentetan izandako eragin negatiboa azpimarratu dute.

Loteria Administratzaileen Elkarte Probintzialen Elkarte Nazionalak "etsigarritzat" jo ditu 2020ko salmenta datuak, eta loteria administratzaileen sare profesionalaren egoera "oso kezkagarria" dela adierazi du. Gainera, Estatuak salmenta horien bidez 1.200 milioi euro gutxiago eskuratuko dituela ohartarazi du.

Egoera horrek eragina izan du, halaber, Gabonetako loteriako partizipazioen salmenta hainbat jarduera, material edota zerbitzu finantzatu ahal izateko erabiltzen duten kolektibo eta elkarteetan, loteria aparteko diru-sarrera bat baita horientzat. Kolektiboen arabera, aurten partizipazioen salmentari dagokionez, aldaketarik handiena saltzeko modua izan da; "ahoz ahokoak" eta "salmenta pertsonalak" garrantzi handia izan dute eta partizipazioak saltzeko kanal nagusi bihurtu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gabonetako loteria 2024 erosi Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Loteria