Gizartea -
KORONABIRUSA
300 covid-19 kasu berri atzeman dira EAEn, eta positibo tasa % 3koa da
Urriaren 4tik erregistratu den koronabirus kasu berrien kopururik baxuena izan da, eta positibo tasak beheranzko joeran jarraitzen du.
Mikel Dominguez | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan 300 covid-19 kasu berri erregistratu dira azken orduetan, aurreko egunean baino 123 gutxiago. Urriaren 4tik atzeman den kopururik baxuena da autonomia erkidegoan.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren txostenaren arabera, larunbatean 10.102 proba diagnostiko egin ziren guztira. Positibo tasa, beraz, % 3koa da.
Bizkaian 126 positibo atzeman dira; Gipuzkoan, 112, eta Araban, 60. Beste biak EAEtik kanpokoak dira.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 26 pertsona ospitaleratu zituzten atzo covid-19aren ondorioz, eta zaintza intentsiboetako unitateetan 98 pertsona daude.
Eusko Jaurlaritzak astelehenean emango ditu udalerrien eta R0 indizearen inguruko datuak.
Gipuzkoako egoitzetako bi erabiltzaile hil dira, eta 173 positibo aktibo daude
Bestalde, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bizi ziren bi pertsona hil dira azken orduetan, covid-19aren ondorioz. Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Donostiako Julian Rezola eta Garate-San Ignacio anaiak egoitzetan hil dira.
Une honetan 173 kasu positibo aktibo daude Gipuzkoako zahar egoitzetan. Abuztuaren 11n pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik egoitzetan kutsatu diren egoiliarretatik 441 sendatu egin dira eta 116 hil.
Nafarroako egoera
Nafarroan, 72 covid-19 kasu atzeman dituzte, eta positibo tasa % 4koa da.