Gizartea -

Feminismoa

Beijingo Konferentzian izandako emakume aitzindariak omendu ditu Eusko Jaurlaritzak

Urkullu lehendakariaren arabera, emakume hauen "begiradak" ahalbidetu zuen duela 25 urte berdintasuna "agenda politikoetan, testuetan, eskoletan, legeetan, hizkuntzan edo estatistiketan sartzea".

Beijingo Emakumeen IV. Mundu Konferentzian egondako aitzindariei omenaldia. Argazkia: EFE
Beijingo Emakumeen IV. Mundu Konferentzian egondako aitzindariei omenaldia.
Beijingeko biltzarrean parte hartu zuten euskal emakumeei omenaldia egin diete

1:49

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak orain dela 25 urte Beijingo Emakumeen IV. Mundu Konferentziara joan ziren euskal emakumeak omendu ditu. Iñigo Urkullu lehendakariak aitzindariak izan zirela defendatu du, eta nabarmendu du beren "begiradak" ahalbidetu zuela berdintasuna "agenda politikoetan, testuetan, eskoletan, legeetan, hizkuntzan edo estatistiketan sartzea".

Bilbon egin den ekitaldian emakume aitzindari horietako hamaikak hartu dute parte, Duela 25 urte Emakundek bultzatutako ordezkaritzan parte hartu zuten. Elkarte, mugimendu feminista, komunikabide eta erakundeetako emakumeak izan ziren, munduko berdintasun politiketarako mugarria izan zen hitzordu "historiko" batean egon nahi izan zutenak, Jaurlaritzak nabarmendu duenez.

Omenaldia Euskalduna Jauregian egin dute, eta bertan izan da emakume gazteen ordezkaritza bat ere, "emakumeen eskubideen aldeko borrokaren ondarearen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa sinbolizatzeko".

Lehendakariak emakume horien izaera aitzindaria azpimarratu du. Esan duenez, "etorkizun hobea imajinatu zuten orduan haurrak zirenentzat eta oraindik jaio ere egin ez ziren belaunaldientzat".

Gainera, eskerrak eman dizkie gizarteari eman dioten ekarpenagatik, "berdintasuna bultzatuz emakumeen belaunaldi oso batek duela hamarkada batzuk egindako lanik gabe, gaur egun ezingo genuke hitz egin berdintasun planez, berdintasunerako lege batez, genero eraginari buruzko txostenez edo erakunde arteko eta sailen arteko berdintasun batzordeez".

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak, bestalde, ekitaldian parte hartu duten emakume nagusi eta gazteei esan die kate bereko kide direla, berdintasunaren kateko kide, eta kate hori bultzatzen jarraitu behar dela.

Beijingen adostutakoaren garrantzia azpimarratu du sailburuak, izan ere, "emakumeen ahalduntzea berdintasun politika guztietan sartu beharreko estrategia bihurtu zen bertan".

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, bestalde, omenduei egindako ekarpen handia eskertzeaz gain, Beijingen urteurrena dela eta NBE Emakumeak erakundeak bultzatutako Generation equality ekimenean EAEk izango duen parte-hartzearen berri eman du.

Mundu mailan egiten ari den ekimen honen helburua da emakumeen eskubideen aldeko gaurko eta iraganeko aktibistak biltzea, gaurko gazteak Beijingo Ekintza Plataforma sortzeko funtsezko zeregina izan zuten pertsonekin. Horrela, EAEn, Emakundek belaunaldi desberdinen arteko berdintasunari buruzko elkarrizketa publikoak bultzatuko ditu 2021ean.

Emakume omenduek bideo baten bitartez azaldu dute zer suposatu zuen Beijingera egindako bidaiak eta zer eragin izan zuen han jasotakoak euskal gizartean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Emakunde Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa