Gizartea -

KORONABIRUSA

Osakidetza eta Histocell covid-19aren gaixoentzako sendagaia probatzen ari dira

Osakidetzak eta Histocell enpresa biofarmazeutikoak arrakastaz amaitu dute arnas distresaren aurkako medikamentuaren lehen fasea. Arnas distresa covid-19aren heriotzen kausa nagusia da.

Histocelleko ikertzaileak. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Histocelleko ikertzaileak.
Covidak eragindako arnas distresa tratatzeko sendagaia ikertzen ari dira Histocellen

1:20

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak eta Histocell EAEko enpresa biofarmazeutikoak arrakastaz amaitu dute HC016 medikamentu zelularraren saiakuntza klinikoaren lehen fasea, covid-19ak eragindako arnas distres akutua tratatzeko garatua, gaixotasunaren heriotza-kausarik handiena baita.

Saiakuntza Eusko Jaurlaritzak finantzatu du partzialki (covid-19aren I+G-rako laguntzen esparruan) eta Bizkaiko Biocruces Osasun Ikerketako Institutuaren eta Histocell enpresa biofarmazeutikoaren lankidetzarekin egiten ari da Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ZIUn.

Julio Font Histocelleko zuzendariak azaldu duenez, saiakuntza klinikoa "ilusio handiz" iragarri zuten maiatzean, eta, zortzi hilabeteko lanaren ondoren, lehen fasea "itxaropen handiz" amaitu dute.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak "positibotzat" jo du urrats hori, terapien erabileran EAE mundu mailan kokatzen duelako. Hala ere, oraindik bidea dagoela egiteko onartu du.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, kanpoko segurtasun batzordeak sendagaiaren segurtasuna baieztatu du, kontrako ondoriorik gabe garatu baita. Gainera, emaitzetan eraginkortasun zantzuak antzeman dituzte eta horiek bigarren fasean baieztatzeko itxaropena du taldeak.

Arnas distres akutuaren sindromea covid-19aren konplikaziorik larriena da. Gaixo larrien % 40k baino gehiagok garatzen dute, eta distres moderatu-larria duten pazienteen % 50 hil egiten dira.

Exekutiboaren arabera, sendagai honen helburuak hiru dira: gaixoei konplikazio hori gainditzen laguntzea, heriotza-tasa murriztea eta epe ertain edo luzean birika-ehunaren kalteak murriztea.

Medikamentua egoera kritikoan dauden pazienteentzat da, eta, Fonten hitzetan, lehen etapa hau arrakastaz amaitzeak "hilkortasuna eta covid-19aren konplikazioak murrizteko esperantza ematen du". Gainera, "arlo sozioekonomikoan, agerian uzten du Euskaditik covid-19aren kontrako medikamentu berriak garatzeko egiten ari garen lana. Eta, gure sektorean, munduko abangoardian jartzen gaitu", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Gurutzetako ospitalea Sendagaiak Koronabirusa