Gizartea -
KORONABIRUSA
EAEko herritarren % 40k nahiago dute itxaron covid-19aren aurkako txertoa jartzeko
Azken Deustobarometroaren arabera, inkestatuen % 10ek ez dute txertoa jartzeko asmorik, % 21,6k "zenbait erreparorekin" baina hartuko dute eta % 19k "zalantzarik gabe" hartu egingo dute.
O.A. | EITB Media
Covid-19aren aurkako txertoaren inguruan eszeptizismo handia da nagusi Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren artean. Izan ere, EAEko herritarren % 40k nahiago dute pixka bat itxaron txertoa jartzeko eta % 10ek, ostera, ez dute txertoa hartzeko inolako asmorik, Deustobarometroaren azken inkestaren arabera.
Deustuko Unibertsitateak ostiral honetan aurkeztu ditu azken Deustobarometroaren emaitzak eta, horren arabera, herritarren % 64rentzat koronabirusak kezka nagusi izaten jarraitzen du. Duela sei hilabete egindako aurreko inkestarekin alderatuta, bi puntu igo da.
Guztira, 1.003 elkarrizketa egin zituzten EAEn, azaroaren 17a eta 25a bitartean.
Herritarrei koronabirusaren aurkako txertoa jarriko ote luketen galdetuta, % 40,5k pixka bat itxarongo dute txertoa jartzeko, % 10ek ez dute txertoa jartzeko asmorik, % 21,6k "zenbait erreparorekin" baina hartuko dute eta % 19k "zalantzarik gabe" hartu egingo dute.
Pandemiarekin loturiko sinismenen inguruan galdetuta, % 57k uste dute laborategi batean sortua izan dela eta % 31,6k, berriz, "konspirazio" bat ikusten dute txertoen atzean.
Deustobarometroaren arabera, covid-19ak herritarren kezka nagusia izaten jarraitzen du (% 74). Kezkatuta ez ezik, herritarren % 46 triste daude eta % 45, amorratuta.
Koronabirusari aurre egiteko arauak betetzen ari ote diren galdetuta, herritarrek pertsona eredugarritzat ikusten dute beren burua, eta 8,5eko nota ematen diote beren buruari. Hala ere, ez dute iritzi bera besteekiko eta, oro har, neurrien betetze-maila 5,7koa dela iritzi diote.
Pandemiaren kudeaketari buruz galdetuta, ez Espainiako Gobernua eta ezta Eusko Jaurlaritza ere ez dira 5era iristen.
Inkestatuen erdiek uste dute Eusko Jaurlaritza ez dela argia izan neurri eta gomendioak komunikatzeko orduan. Espainiako Gobernuaren inguruan galdetuta, portzentaje horrek gora egiten du.
Lehentasunezko irizpideen inguruan galdetuta, % 46k uste dute "garrantzi handiagoa" eman behar zaiela "osasun irizpideei irizpide ekonomikoei baino", eta % 36k uste dute "garrantzi bera" eman behar zaiela biei.