Gizartea -
Alarma-egoera
Gabonetarako hartutako neurriei eustea gomendatu dute LABIko teknikariek
Eusko Jaurlaritzako adituak datorren asteartean bilduko dira berriro. Nafarroako Gobernuak esan du neurriak zorroztuko dituztela datozen egunetan kutsatze kopuruak gora egiten badu.
E. G. | EITB Media
Gabonetarako abenduaren 10ean zehaztutako neurri murriztaileei eustea gomendatu du gaur LABIren batzorde teknikoak. Adituek bilera egin dute goizean koronabirusaren datuak eta bilakaera aztertzeko, eta datuak eskuan, aurrez ezarritako neurriak aldatzea beharrezkoa ez dela ebatzi dute.
Batzarraren ondotik kaleratutako ebazpenaren arabera, pandemiaren eraginak "beheranzko joera" duela azaleratu dute adituek, azken egunetan joera horretan "gelditzea" egon bada ere. "Arabako datuek okerrera egin dute", ohartarazi dute.
Dena dela, aurretik hartutakoak aldatzen dituen edozein erabaki hartu aurretik, adituok uste dute "bilakaera epidemiologikoaren behaketa egun batzuez luzatzea" dela zuhurrena", neurriak leuntzea erabaki zenetik zazpi egun bakarrik baino ez direlako igaro. Hori horrela, datorren asteartean, hilaren 22an, bilduko dira berriro egoera aztertzeko. "Egoerak hobera egiten ez badu, murrizketa berriak hartu beharko dira aintzat", ohartarazi dute.
Adituon aburuz, egoera epidemiologikoaren bilakaerak "hobekuntza nabarmena" izan du azaroaren hasieratik, baina horrek ez du esan nahi "egoera onean" gaudenik, erantsi dute. Azpimarratu dute asteon "aldaketa nabarmenak" gertatu direla eta Europako zein Espainiako autonomia erkidegoetako egoerak okerrera egin dutela gogorarazi dute. "Euskadin, joera-aldaketak izan ditugu hainbat unetan" eta, hala, datuek "ziurgabetasun-testuinguru bat" adierazten dutela nabarmendu dute.
Hain justu, ziurgabetasun horren aurrean, neurriei eustea aholkatu du batzordeak, eta lau egun barru egoera berriro aztertuko duela iragarri du. Bien bitartean, honakoei jarri diete azpimarra. Batetik, "Gabonetan testeatzeko, identifikatzeko eta kasuen, kutsatzeen eta kontaktuen jarraipena egiteko zereginak indartzea" beharrezko ikusi dute. Bestetik, funtsezko iritzi diote konfinamendu-aginduak betetzeari kutsatze-kasuetan eta kontaktu estuetan.
Halaber, gizarteari "prebentzio-konpromisoa" indartzeko mezua helaraztea gomendatu diete agintariei. Hau da, gogorarazi dute dekretuan ezarritako mugak "inoiz gainditu behar ez diren maximoak" direla, baina gehienezko muga horien azpitik, "pertsona eta familia bakoitzak prebentzio-neurriak areagotzeko borondatezko konpromisoa" ezar lezakeela ohartarazi dute. Hartara, Eguberrietako familia-topaketetako pertsonen kopurua ahalik eta gehien murriztearen alde egin dute. "Hobe da zortzi 10 baino, eta sei zortzi baino", azaldu dute.
Horrez gain, data horietan bizikidetza-unitate desberdinen nahasketa ahalik eta gehien murriztea proposatu dute, eta "gure gizarte-jarduera eta gure ingurune hurbileko kide ez diren pertsonekiko elkarreraginak mugatzea, eta etxera itzultzeko ordua ahalik eta gehien aurreratzea".
Era berean, establezimendu edo espazio itxi eta gaizki aireztatuetan pilaketak saihestea gomendatu dute, eta horren harira, "aireztapena handitzea"ren garrantzia azpimarratu dute.
Adituon esanetan, "dekretu batek ezin du dena arautu. Konpromiso zibikoak, prebentzioaren aldeko itun sozial handi batek, dekretu baten artikuluek adina indar eta eraginkortasun izan dezake eta izan behar du".
Egoerak okerrera egiten badu, Nafarroan neurriak zorroztuko dituzte
Bestalde, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak azpimarratu du kutsatzeen kopuruak gora egiten badu Gabonetarako prebentzio-neurriak zorroztu egingo dituztela.
"Atzotik kasuak erdira jaitsi dira Nafarroan. Egunez egun aztertuko ditugu datuak, pandemia hasi zenetik egin izan dugun bezala, eta osasun-egoeraren bilakaeraren arabera hartuko ditugu erabakiak", adierazi du komunikabideen aurrean.
"Neurriak zorroztu behar badira, hala egin dugu, baita Gabonetan sartuta bagaude ere", ohartarazi du Chivitek. Alabaina, "erabakiak datuetan oinarrituta egon behar dira eta horretarako egunez egun gertatzen dena kontuan izan behar dugu", berretsi du.