Gizartea -
Koronabirusa
Positibo berriak erdira murriztu dira Nafarroan eta hildako bat gehiago izan da
Horrez gain, positibotasun tasak ere beherakada nabarmena izan du: % 6,8tik % 3,4ra bajatu da. Osasun Departamentuak bigarren baheketa egingo du bihar, larunbata, Irurtzunen.
N. B. | EITB Media
Nafarroan 65era jaitsi dira azken orduetan koronabirusaren kasu berriak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, osasun sistema publikoan 1.850 proba egin ostean (1.135 PCR eta 715 antigeno test), % 3,5eko positibotasun tasarekin.
Jaitsiera nabarmena izan da, bezperan erregistratutako datuen aldean (124). Ildo beretik, positibotasun tasa hiru puntu baino gehiago jaitsi da, % 6,8tik % 3,5era.
Pandemiaren bilakaeraren ikuspegi epidemiologikotik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo gaixotasun horrekin lotutako sei ospitaleratze berri izan zirela Foru Erkidegoan, bat zainketa intentsiboetako unitatean. Gainera, 90 urteko emakume baten heriotza ere izan zen atzo. Nafarroan 932 pertsona hil dira jada pandemia hasi zenetik.
Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 57 erregistratu dira, Tuteran % 22 eta Lizarran % 10. Gainerako positiboak (% 11) Nafarroako beste zonalde batzuetan atzeman dituzte.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, bakar batean ere ez dute bost kasu baino gehiago atzeman. Iruñeko Iturrama auzoa da denen buru, bost positiborekin, eta Altsasu, Cordovilla, Tutera Ekialdea, Mutilva eta Donibane eta II. Zabalgunea (Iruñea) ageri dira ondoren, hiruna kasurekin.
Kasu berrien adin-tartearen arabera, 30-44 urtekoen taldea da nagusi (% 35), eta, ondoren, 60-75 urtekoen taldea (% 24). Ondoren, 75 urtetik gorakoen taldea (kasuen % 14) eta 15 eta 29 urte bitartekoen taldea (kasuen % 13). Azkenik, 45 eta 59 urte bitartekoen taldea (% 8) eta hamabost urtetik beherakoen taldea (% 6) daude.
Positibo berrien batez besteko adina 48,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 54 emakumeak dira eta beste % 46 gizonak.
154 pertsona ospitaleratuta daude (atzo bezala), horietatik 21 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino bat gutxiago) eta beste 14 etxean (atzo bezala). Gainerakoak, 119 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino bat gehiago).
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 41.238 kasuko da Nafarroan.
Baheketa Irurtzunen
Osasun Sailak bigarren baheketa egingo du bihar, larunbata, Irurtzunen, joan den asteartean egindako baheketaren ostean. Baheketa horren arrazoia familia jatorriko agerraldi bat izan zen, gizarteko eta eskolako adarrekin. Probetara 30 eta 49 urte bitarteko 700 bat pertsona daude deituta.
Lehen baheketan, 150 pertsona inguru zeuden deituta, eta 22 positibo hauteman ziren. Aurreko 26ei gehituta, 48 kasuren agerraldia eragin zuten, eta Osasunak modu estuan zaintzen jarraitzen du udal-erakundeekin eta Lehen Mailako Arretarekin batera. Bestalde, 9 gela daude konfinatuta herriko Atakondoa eskolan.
Eskola-egoera
Guztira, 176 ikasle konfinatu dituzte azken hogeita lau orduetan. Gaur egun, 923 ikasle daude isolatuta, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztien % 1,49. Gelaka, 48 daude isolatuta 28 ikastetxetan. Bizikidetza-talde egonkorren % 1,37 dira.
Bestalde, Eskubide Sozialen Departamentuak jakinarazi du ez dela covid-19 kasu gehiago izan Foru Erkidegoko adinekoen egoitzetan eta gutxitasun fisikoak dituztenen zentroetan. Hori horrela, azken asteetan beheranzko joera egonkortu da.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, Gobernuak mugikortasunaren murrizketei buruzko erabakiak hartuko ditu Gabonetan, covid-19arekin kutsatzen diren kopuruaren arabera.
Bestalde, Euskadin apur bat igo dira kutsatzeak eta positibotasuna. Horrela, 465 positibo berri erregistratu ditu ostegun honetan koronabirusean, aurreko egunean baino 69 gehiago, eta positibotasun tasa bost hamarren igo da, % 3,6raino, proba gehiagorekin.