Gizartea -
Koronabirusa
Sanchezek negatibo eman du PCR proban, baina eutsi egin dio berrogeialdiari
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak positibo eman du covid-19an, eta Espainiako Gobernuko burua harekin egon zen astelehenean.
EiTB MEDIA
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez berrogeialdian dago, eta, ondorioz, bertan behera utzi ditu datozen egunetarako hitzartuta zituen konpromiso guztiak; izan ere, hamar egunez egongo da bakartuta, abenduaren 24ra arte, astelehenean Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin bildu zelako. Ostegun honetan bertan eman dute jakitera Macronek positibo eman duela covid-19an.
Sanchezek berak negatibo eman du gaur egin dioten PCR proban, baina eutsi egingo dio berrogeialdiari.
Gaur arratsaldean, erregearekin batera, Manuel Azañari buruzko erakusketa bat inauguratu behar zuen Liburutegi Nazionalean.
Ostiralean, berriz, Ekonomiaren Berreskurapen, Transformazio eta Erresilentzia plana aurkezteko hitzordua zeukan Zaragozan, eta astelehenean Bartzelonan egotekoa zen Forment del Treball patronalaren sari-banaketan.
Katalunian zegoela aprobetxatuz, Felipe VI.a erregeari lagundu behar zion Seatek Martorellen duen lantokira.
Esan bezala, iragan asteko astelehenean Macronekin egon zen Parisen. Lan kontuak bukatuta, Eliseoan bazkaldu zuten biek.