Gizartea -
EUTANASIA LEGEAREN GAKOAK
Eutanasia aplikatu ahal izateko baldintzak eta jarraitu beharreko urratsak
Gaixoak gutxienez lau aldiz egin beharko du hiltzeko eskaria, bi medikuk kasua aztertuko dute eta azken hitza autonomia erkidego bakoitzean osatutako mediku batzordeak izango du.
O.A. | EITB Media
Eutanasiari buruzko legea onartzen duen munduko bosgarren herrialdea da Espainia, Herbehereen, Belgikaren, Luxenburgoren eta Kanadaren atzetik. Hala ere, herrialde batetik bestera alde handiak daude.
Estatuaren kasuan, gaixoak gutxienez lau aldiz egin beharko du hiltzeko eskaria, bi medikuk kasua aztertuko dute eta azken hitza autonomia erkidego bakoitzean osatutako mediku batzordeak izango du.
Gaur arratsaldean Diputatuen Kongresuko osoko bilkuraren oniritzia jaso ostean, eutanasiaren lege berria Senatura bidaliko dute, tramitazioak bere bidea jarraitu dezan. Aurreikuspenak betetzen badira, legea 2021eko lehen hilabeteetan onartuko da eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean.
NORK ESKA DEZAKE EUTANASIA?
Adinez nagusi den eta "jarduteko eta erabakitzeko gaitasun osoa duen" pertsona orok eska dezake, betiere modu autonomoan, kontzientean eta informatuan egiten badu. Espainiako nazionalitatea, legezko bizilekua Espainian izatea edo Espainiako lurraldean 12 hilabete baino gehiago eman dituela egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria izan behar du.
ESKATZEKO BALDINTZAK
Eutanasia eskatu ahal izango dute sufrimendu fisiko edo psikiko bat duten pertsonek, baldin eta gaixotasun larri eta sendaezin bat izateagatik onartezintzat jotzen badute, eta gaixotasun horrek bizi-itxaropen mugatua edo pairamen larri, kroniko eta ezingarria eragiten badie, sendatzeko edo hobetzeko aukerarik gabe.
Gaixoa bere gaitasun guztien jabe ez bada eta ezin badu hiltzeko bere erabakia askatasunez, bere borondatez eta kontzienteki eman, aurretiaz sinatu beharko du dokumentua: izan bizi-testamentua, aurretiazko borondateen aitorpena edo legez onartutako agiri baliokideeren bat.
JARRAITU BEHARREKO PAUSOAK
Gaixoak bi eskaera egin beharko ditu, borondatez eta idatziz, eta gutxienez 15 eguneko tartea utzi beharko du bien artean. Hala ere, medikuak epe hori laburtzeko aukera dauka.
Hiltzeko laguntza eskatzen duenak edozein unetan atzera egin ahal izango du bere erabakian, edo atzeratzea eskatu.
Lehen eskaera jasotakoan, gehienez ere bi eguneko epean, deliberazio-prozesu bat abiatuko du mediku arduradunak gaixoarekin, eta diagnostikoari, aukera terapeutikoei eta espero daitezkeen emaitzei eta balizko zainketa aringarriei buruzko informazioa emango dio. Bigarren eskaeraren ondoren prozesua errepikatu egingo da.
Horren ondoren, pertsonari berriro galdetuko zaio atzera egin nahi duen edo eskaerarekin jarraitu nahi duen.
Mediku arduradunak mediku aholkulariari kontsulta egingo dio, eta 10 eguneko epea izango du baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
Eutanasia egin aurretik, mediku arduradunak hiru eguneko epea du kasua bere autonomia erkidegoko Berme eta Ebaluazio Batzordeko lehendakariari jakinarazteko.
Hark, gehienez ere bi eguneko epean, batzordeko bi kide izendatuko ditu, mediku profesional bat eta legelari bat, legean aurreikusitako baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko.
Bi profesional horiek zazpi egun izango dituzte txostena egiteko. Txostena presidenteari helaraziko diote, eta presidenteak, bere aldetik, mediku arduradunari jakinaraziko dio.
Batzordearen aurkako ebazpenak administrazioarekiko auzien epaitegian aurkeztu ahal izango dira.
EUTANASIAREN GAUZATZEA
Baimena sinatu ondoren, gaixoak mediku arduradunari jakinarazi beharko dio nola jaso nahi duen hiltzeko laguntza: medikuek zuzenean eman diezaiotela substantzia bat, edo substantzia hori agindu edo eman diezaiotela, berak hartzeko.
Bi kasuetan, medikua eta gainerako osasun profesionalak gaixoarekin egongo dira hil arte.
Eutanasia ospitale batean edo gaixoaren etxean egin ahal izango da.
EUTANASIAREN ONDORENGO IZAPIDEAK
Behin eutanasia egindakoan, mediku arduradunak bost egun ditu Berme eta Ebaluazio Batzordeari bi dokumentu bidaltzeko.
Lehenengoak gaixoaren, mediku arduradunaren eta aholkulariaren datuak jasoko ditu, baita aurretiazko borondateen dokumentua ere, halakorik balego, eta baita ezintasun egoeran dagoen pertsonaren izenean eskabidea aurkeztu zuen pertsonaren datuak ere.
Bigarren dokumentuan, prozesua bera zehaztuko da: eutanasia eskatu zenetik hil arte. Testuak ondorengo informazioa jasoko du: igarotako denbora, patologiaren eta sufrimenduaren deskribapena, zergatik uste den hobetzeko aukerarik ez zuela, borondateari eta egindako hausnarketari buruzko informazioa, eta kanpoko presiorik egon ez denaren bermea.