Gizartea -

Alarma egoera

Nafarroako Gobernuak covid-19aren kontrako neurriak malgutuko ditu gaurtik aurrera

Ia bi hilabetez itxita egon eta gero, taberna eta jatetxeetako barrualdeak irekiko dituzte. Gainera, Gabonetako egun zehatzetan mugikortasuna baimenduko dute senideekin biltzeko.

Iruñeko taberna baten barrualdea. Artxiboko argazkia: EFE
Iruñeko taberna baten barrualdea.
Ostalaritza establezimenduen barnealdeak zabalik dira berriro Nafarroan

0:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak covid-19ari aurre egiteko prebentzio neurriak malgutuko ditu ostegun honetatik aurrera. Hala, taberna eta jatetxe barrualdeak irekiko dituzte, Gabonetako jaiegunetan mugikortasuna baimenduko dute eta erresidentzietan bisitak eta irteerak areagotzea ahalbidetuko dute.

Maria Chivite Gobernuko presidenteak sinatutako dekretu berria ostegun honetan sartuko da indarrean.

Ia bi hilabetez itxita egon ostean, taberna eta jatetxe barruan kontsumitzeko aukera egongo da. Gehienezko edukiera % 30ekoa izango da eta ordutegia 22:00ak arte luzatuko dute.

Bingoak eta joko-areto eta apustu-etxeak ere zabalduko dituzte, % 30eko edukierarekin eta 22:00ak arte.  

Halaber, edukiera % 50era igoko dute dendetan; arautu gabeko akademia eta eskoletan; zinema, antzoki eta entzunaretoetan; eta hoteletako gune komunetan.

Edukiera % 75ekoa izango da umeentzako parkeetan eta aire zabaleko kirol-guneetan.

Kirola eta kultura

Kirolari dagokionez, profesionalak ez diren lehiaketa eta ekitaldietan publikoa egotea baimenduko dute, % 50eko edukierarekin. Toki itxietan gehienez 200 pertsona elkartu ahalko dira, eta aire zabalean 400.

Kultur jardueretan ere muga bera ezarriko dute: 200 lagun leku itxietan eta 400 kanpoan. Inaugurazioak eta ospakizun sozialak antolatu ahalko dira, jateko eta edateko zerbitzurik eskaini gabe, % 50eko edukierarekin eta eserlekuak aurrez zehaztuta. Ekitaldia zutik egingo bada, pertsona bakoitzeko hiru metro karratu gorde beharko dira.

Biltzarrak, akziodunen batzarrak, hitzaldiak eta antzeko ekimenak egin ahalko dira, baina telematikoki egitea gomendatzen dute. Bilerak aurrez aurrekoak badira, edukiera muga % 50ekoa izango da. Halaber, gehienez 200 pertsona elkartu ahalko dira eta eserita egin beharko dute batzarra, 1,5 metroko segurtasun tartea zainduta.  

Mugikortasuna eta Gabonetako ospakizunak

Konfinamendu perimetralak indarrean jarraituko du, baina abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean Nafarroatik irten eta bertara sartzeko aukera egongo da, senideekin elkartzeko dela ziurtatzen duen agiria eramanez gero.

Gaueko zirkulazioa galarazita egongo da 23:00etatik 06:00etara bitartean, baina Gabon gauean eta Gabon zaharrean etxeratzeko agindua 01:30era arte luzatuko dute.

Abenduaren 24ko, 25eko eta 31ko eta urtarrilaren 1eko bazkari eta afarietan, gehienez bi familia unitateko 10 pertsona elkartu ahalko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak María Chivite Koronabirusa Alarma egoera