Gizartea -
ATXILOKETAK
Emakumeen sexu-esplotaziorako sare bat desegin dute Tolosan, Beasainen eta Bergaran
Zortzi pertsona atxilotu dituzte. Operazioari esker, 17 biktima artatu ahal izan dituzte; ia guztiak emakume hegoamerikarrak eta baliabide urrikoak.
A. S. | EITB Media
Polizia Nazionalak zortzi pertsona atxilotu ditu Tolosa, Beasain eta Bergarako (Gipuzkoa) etxebizitzetan emakumeak sexualki esplotatzea egotzita, Barne Ministerioak jakitera eman duenez.
Atxiloketak abenduaren 10ean eta 11n egin zituzten, Tolosako Instrukzioko 2. zenbakiko Epaitegiaren aginduz. Atxiloketak egitezz gain, 17 biktima artatu ahal izan dituzte; gehienak emakume hegoamerikarrak eta baliabide urrikoak.
Ikerketa otsailean hasi zen, Ertzaintzaren Giza Salerosketaren Biktimei Laguntzeko Zerbitzu Zentralak Tolosako etxebizitza batean sexu-esplotazioa jasaten ari zirela ohartarazten zuen emakume baten mezu elektroniko bat jaso zuenean.
Ondorioz, emakumeak esplotatzen zituen talde kriminal bat atzeman zuten. Emakumeak prostituzioan aritzera behartzen zituzten, taldearen arduradun nagusiaren bost etxebizitzatan; Tolosan, Beasainen eta Bergaran.
Etxebizitza horietan, atxilotuek drogak kontsumitzeko aukera ematen zieten bezeroei, kokaina eta speeda, batez ere. Hori dela eta, operazioan 10 gramo kokaina, 10 gramo haxix eta marihuana, eskudirua eta substantziak pisatzeko eta dosifikatzeko gailuak topatu zituzten.
Familia klan bateko kideak
Taldea jatorri brasildarra duen familia klan bateko kideek osatzen zuten, eta 2017an antzeko gertakariengatik atxilotu zituzten.
Ustezko egileek emakumeak kontrolatzen zituzten, eta solairu bakoitzean arduradun bat izaten zuten. Horrek bezeroei arreta eskaini, zerbitzuak kobratu eta nesken irteerak baimentzen zituen. Gainera, bideozaintzako kamerak zituzten etxebizitzetan, biktimak kontrolatzeko.
Legez kanpo lortutako dirua ezkutatzeko, gezurrezko enpresa sare bat sortu zuten, sexu-zerbitzuen eta droga-salmentaren zenbatekoak fakturatzeko.
Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta, zehaztu dutenez, fikziozko enpresa horiei lotutako saltokiko terminal bakar baten bidez, ustezko gaizkileek 193.626 euro sartu zituzten bi urte baino gutxiagotan. Polizia Nazionalaren arabera, "diru-sarreren zati txiki bat eta erakundeak lortutako irabazien zati bat" baino ez da hori.
Poliziak guztira 17 emakume identifikatu eta artatu ditu, eta sexu-esplotaziorako gizakien salerosketaren aurkako planean ezarritako babesa eskaini die.
Zortzi atxilotuei sexu-esplotaziorako giza salerosketa, proxenetismoa, substantzia estupefazienteen trafikoa eta kapitalak zuritzea egotzi diete.