Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Irantzu Varela kazetari eta ekintzaile feministak eraso matxista bat salatu du
Varelak sare sozialen bidez azaldu duenez, bere bizilaguna da erasoa egin dion gizona, eta papera birziklatzeko moduaren inguruan izan dituzten "desadostasunen" ondoren etorri omen da.
eitb.eus
Irantzu Varela kazetari eta ekintzaile feministak salatu du gizonezko batek, bere bizilagunak, eraso egin diola, ukabilkadak eman dizkiola eta irain lesbofoboak egin dizkiola.
Varelak sare sozialetan azaldu duenez, bere bizilagunak "papera birziklatzearen inguruan genituen desadostasunak horrela konpontzea erabaki du: lau ukabilkada emanez eta 'puta', 'lesbiana', 'emagaldu' eta 'izurritsu' deituta”.
Hasiera batean, Varelak esan du erasotzailea Basauriko (bere jaioterria) udal arkitektoa zela, baina gero Varelak berak eta udalerri bizkaitarreko Udalak argitu dute ez dela egungo arkitektoa, izandakoa baizik.
Basauriko Udalak "errefusatu" egin du kazetari basauriarrak jasotako "eraso matxista", dagoeneko Ertzaintzari jakinarazi diona.
Pikara Magazine (Irantzu Varelak bertan lan egiten du) aldizkari feministaren arduradunek, eta Andra argitalpenak gaitzetsi egin dute erasoa Twitterren zabaldutako mezuetan.
Alternatiba alderdiak ere "babesa" helarazi dio Irantzu Varelari, eta "inpunitatea eta onartezinak diren jarrera horien naturalizazioa behingoz amaitzea" eskatu du.