Gizartea -
Nafarroa
13 pertsona atxilotu dituzte zibererasoak erabilita hainbat enpresatan lapurtzeagatik
160.000 euro lapurtu dituzte osotara Nafarroako hainbat enpresatan , eta 82.000 euro berreskuratu ditu Guardia Zibilak.
eitb.eus
Guardia Zibilak 13 pertsona atxilotu ditu, hainbat enpresari iruzur eginez 160.000 euro lapurtzeagatik. “Man in the Middle” izenarekin ezagutzen den metodoa erabili zuten: enpresen ekipo informatikoetan birus bat sartzen zuten, erakunde ezagun baten helbide elektronikoa amu gisa erabiliz.
2019an hasi zuen poliziak ikerketa. Tuterako enpresa bateko kudeatzaileak 20.000 eta 50.000 euroko ordainketa bat egin zion zerbitzu bat kontratatua zuen enpresa bati. Diru hori, ordea, ez zen zitzaion hartzaileari inoiz iritsi.
Martxoaren 5ean, Lizarrako Guardia Zibilaren Herritarren Arretarako zerbitzuak beste salaketa bat jaso zuen. Kasu horretan, Villatuertako enpresa bati 90.000 euro lapurtu zizkioten.
Ikerketa
Nafarroako Guardia Zibilaren arabera, kaltetuek hornitzaileak emandako banku-kontuan sartu omen zuten dirua. Kaltetuek mezua ireki aurretik, baina, “erasotzaileek” posta elektronikoa atzeman zuten eta bertan adierazitako kontu-korrontearen zenbakia aldatu zuten. Hortaz, kaltetuek erasotzaileei egin zieten transferentzia, itsu-itsuan, diru-sarrera hornitzailearen kontuan egiten ari zirelakoan.
Lizarrako Polizia Judizialaren Taldeak erasotzaileek emandako banku-kontuak blokeatzea eskatu zuen Lehen Instantzian. Horrela, 82.000 euro berreskuratu ahal izan dituzte.
Atxiloketak
Gertatutakoa argitutakoan, egileak kokatu eta identifikatzeari ekin zioten.
Guardia Zibilak iruzurrezko banku-kontuen titulartasuna eta mugimenduak aztertu zituen, eta Madrilen, Balearretan eta Valentzian kokatutako talde kriminalak identifikatu zituen.
Osotara, poliziak 13 pertsona atxilotu ditu “Cabezos” izeneko operazioan. Lizarrako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 1. eta 2. Epaitegiek zuzendu dute operazioa.