Gizartea -

ADINGABEEN KONTRAKO INDARKERIA

40 adin txikikok sexu delituak jasan izana salatu dute aurten Foruzaingoan

Batezbeste, 13 urte zituzten biktimek. 35 kasutan erasotzailea gertuko pertsona bat zen, euren familiakoa 12 kasutan.

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumearen kontrako indarkerian espezializatutako Nafarroako Foruzaingoaren Brigada Asistentzialak 40 adin txikiko artatu ditu aurten, askatasun sexualaren kontrako delituen biktima izateagatik. Batezbeste, 13 urte zituzten biktimek. 29k sexu abusua salatu zuten eta 11k sexu erasoa.

Datu horiek eskutan, Foruzaingoak azaldu du salaketa bat ikertzen hasten direla bederatzi egunero, gutxi gorabehera, eta hori, jakinda, kasu asko ez direla euren eskuetara iristen, biktimak ez dutelako salatzen, sinestuko ez dioten beldurrez, familiakoen erreakzioen beldurrez edota erasotzaileari beldur diolako, besteak beste.

Horregatik, Nafarroako Foru Poliziak adi egoteko eskatu die gurasoei eta tutoreei jarrera aldaketa oso nabarmenak ikusten badituzte (goserik ez izatea, negar egiteko erraztasuna, iluntasunari beldurra, bere adinekoak ez diren sexu ezagutza edo aipamenak, pertsona baten aurrean edo toki batetik igarotzean beldurra agertzen badu nahiz azpiko arropa puskatuta edo zikinduta agertzen bada).

Keinu guzti horiek sexu-erasoa jasan duela edo jasaten ari dela adieraz dezakete, eta badaezpada ere, zuhurtziaz jokatu eta medikuarekin edo pediatrarekin harremanetan jartzea gomendatzen du Poliziak, behaketa espezializatua egin ahal izateko eta adingabeek izan ditzaketen zantzu fisikoak aztertzeko.

Erasotzailea adingabearekin adinaren, heldutasunaren edo boterearen araberako desberdintasun-harremana duen edozein pertsona izan daiteke, baina Brigada Asistentzialaren aurrean jarritako salaketen kasuan, 35 inguru hurbilekoak ziren, nolabaiteko konfiantza-harremana zuten pertsonak (12 kasutan erasotzailea familia-ingurune berekoa zen), eta beste 5 kasuetan erasoak adingabeen bikotekideek egin zituzten.

Gainera, nabarmentzekoa da salaketa gehienetan erasotzaileak biktima gertatutakoa inori ez kontatzera derrigortzen zuela, hainbat modu erabilita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak