Gizartea -
Ostalaritzaren irekiera
Kutxiko Taskeroak: "Larunbatean ez ditugu tabernak irekiko, erantzukizunagatik"
Gasteizko Aiztogile kaleko 30 bat taberna biltzen dituen elkarteak ez du jende olderik nahi ostalaritzaren irekieran, eta "irudi txar" hori saihesteko, astelehenean zabalduko dituzte ateak.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Kutxiko Taskeroak elkartearen baitan biltzen diren Gasteizko Aiztogile kaleko 30 bat tabernak itxita jarraituko dute asteburuan, "erantzukizunagatik". Elkarteak uste du, hilabete pasatxo itxita egon ostean, ez dela ideia ona ostalaritza larunbatez zabaltzea, eta hala, irekitzea astelehenera atzeratu dute.
Txistu tabernako Roberto Calvo Maki-k Radio Euskadin azaldu duenez, "larunbatean jende oldea egongo da, ez gaude prestatuta, eta kontraesankorra da. Nahiago dugu irekiera lasaiagoa egin, jendea ohitu dadin. Bezeroak lasai etortzea nahi dugu, goza dezan, eta ez dadin gure kalearen eta gure sektorearen irudi txar bat egin. Bezeroei ezetz esan diegu, mingarria da, baina erantzukizunez jokatu nahi dugu".
Era berean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan larunbaterako deituta dauden manifestazioetan parte hartzeko deia egin du Calvok. "Urkulluk hezurra jarri digu, denok bila joan gaitezen", deitoratu du. Ostalariaren iritzian, "erabateko erreskatea behar dugu, hondoa jota baikaude".
_______________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.