Gizartea -
EPAIKETA
Lantarongo hilketan maltzurkeria egon zela, ez ankerkeria, ebatzi du epaimahaiak
Hilketaren erantzule jo du Ana Belen Jimenez zenaren senarra zinpekoen epaimahaiak, aho batez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ko urrian Lantaron udalerrian hildako emakumearen kasuan, epaia plazaratu zuen atzo horretarako hautatutako herri epaimahaiak. Hilketa izan zela ebatzi dute eta maltzurkeriaz egindakoa izan zela, baina ez zela ankerkeriarik egon. Hilketaren erantzule jo dute Ana Belen Jimenez zenaren senarra, aho batez, epaimahaia osatu duten bederatzi kideek.
Gainera, herri epaimahaiak aintzat hartu du ahaidetasun larrigarria.
Zinpekoen epaimahaia osatu duten bederatzi kideek aho batez hartu dute erabakia, bederatzi orduko eztabaidaren ostean.
Epaimahaiak Fiskaltzak eta gainerako akusazioek eskatu zituzten hiru larrigarrietatik bi onartu ditu, azaroaren 30ean Arabako Probintzia Auzitegian hasi zen epaiketan.
Akusazioek 25 urteko kartzela zigorra eskatu zuten akusatuarentzat (hilketa aitortu zuen) eta defentsak, ostera, 15 urtekoa. Epaimahaiak ez du defentsaren aringarri bakar bat ere onartu.
Epaimahaiak epaia eman ondoren, Arabako Probintzia Auzitegiak ezarriko du orain zigorra.