Gizartea -

Koronabirusa

Pfizer konpainiaren txertoaren 25.000 dosi jasoko ditu Nafarroak

2021eko lehen bi hilabeteetan 12.500 pertsonari jarriko diete txertoa; lehendabizi arreta soziosanitarioko langileei eta erresidentzietako egoiliarrei.

Txerto bat. Artxiboko argazkia: EFE
Txerto bat.
Txerto bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroak Pfizer enpresa-farmazeutikoaren txertoaren 25.000 dosi jasoko ditu eta, beraz, 12.500 laguni jarriko diete txertoa, pertsona bakoitzeko bi dosi eman behar baitira.  

Santos Indurain Osasun kontseilariak Parlamentuan jakinarazi duenez, txertaketa-kanpaina urtarrilaren lehen hamabostaldian abiatzea aurreikusi dute eta horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak eta baliabideak prest dauzkatela ziurtatu du.

2021eko lehen bi hilabeteetan, erresidentzietako egoiliarrei (7.647) eta arreta soziosanitarioko langileei jarriko diete covid-19ari aurre egiteko txertoa.

Hortik aurrera, txertaketa-kanpaina mailakatuta egingo dute, herritar guztiengana iritsi arte, baina oraingoz ez dute xehetasunik gehiagorik eman.

Indurainek azaldu duenez, txertoa Nafarroako 134 osasun zentroetan banatuko dute, eta ospitale publiko eta pribatuak bere langileak txertatzeaz arduratuko dira.

Halaber, txertoaren kanpainaz arduratuko den 14 talde berezi osatuko dituzte eta Iruñeko Refena erakustazokan osasun eta arreta soziosanitarioko langileentzako leku berezi bat jartzea aurreikusi dute.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Alarma egoera Industria farmazeutikoa