Gizartea -
Koronabirusa
Baheketak egingo dituzte Aramaion, Arrasaten, Cascanten eta Valtierran
Valtierra izango da herritarrei probak egiten lehena: abenduaren 11n. Egun bat geroago Cascanteko bizilagunen txandan izango da, eta abenduaren 14tik 18ra Arrasatek hartuko du lekukoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetzak baheketa masiboa egingo du Aramaioko eta Arrasateko 6 urtetik gorako herritarren artean, covid-19 kasuak atzemateko.
Osasun Sailaren asteazkeneko txostenaren arabera, 100.000 biztanleko 12982,98 kasu izan ditu batez beste Arrasatek azken 14 egunetan, eta 996,02 Aramaiok.
Horregatik, ostiraletik aurrera PCR proba egiteko txanda hartu beharko dute bi udalerri horietako bizilagunek, Arrasateko osasun zentrora (943 03 52 50) edo Osasun Kontseilura deituta ( 900 20 30 50).
Debagoieneko ospitalean egingo dituzte PCR testak, abenduaren 14tik 18ra, 08:00ak eta 20:00ak bitartean. Emaitzak SMS mezu bidez jakinaraziko dituzte.
Bi herri horietako ikastetxeetan matrikulatuta dauden ikasleek ez dute hitzordurik hartu beharko, zentroa bera arduratuko baita horretaz.
Baheketak Cascanten eta Valtierran
Bestalde, abenduaren 11n eta 12an covid-19a atzemateko probak egingo ditu Nafarroako Osasun Departamentuak Cascanten eta Valtierran.
Kasu horietan, baina, antigenoen probak egingo dizkiete 65 urtetik gorako herritarrei, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Udalekin elkarlanean, ostiral honetan egingo dituzte probak Valtierrako kiroldegian, eta larunbatean Cascanteko Kultur Etxean.
Gutxi gorabehera, 600 pertsona daude deituta probetara Valtierran, eta 700 Cascanten. Horretarako, baina, txanda hartu beharko dute lehenik.
Azken hamar egunetan PCRa egin duten edo azken hiru hilabeteetan positibo izan diren pertsonek ez dute proba egin behar.