Gizartea -
Nekazaritza produktuak
Beltza izeneko patata merkaturatu dute, antioxidatzaileak dituen barietate berria
Produktua sortzeko erabiltzen duten prozedura metodo naturaletan oinarrituta dago erabat, kalitatezko aldaera desberdinak gurutzatuz egiten baita.
Agentziak | Erredakzioa
Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak (Neiker) Beltza izeneko tuberkulu mota berri bat sortu du. Kolore purpura bizia du, eta osasunerako onuragarriak diren konposatu antioxidatzaile ugariak ditu. Gabonetan merkaturatuko du Arabako Udapa kooperatibak.
Aurreko udaberrian, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu ondoren, Beltza patataren 600 kilo hazi bidali zizkion Neikerrek Udapari. Bazkideetako baten laborantza lursailean analisi agronomiko sakona egin ondoren, orain, lehen ekoizpen kanpaina horretatik lortutako 7.000 kilo inguru erabiliko dira komertzialki izan duen onarpenari buruzko azterlan bat egiteko.
Gaur-gaurkoz, kontsumitzaileek kilo bateko formatuetan eskuratu ahal izango dute erreferentzia berri hau, kartoizko erretiluetan eta film konpostagarri batean bilduta, hainbat supermerkatu eta fruta-dendatan.
“Espero dugu kontsumitzaileek harrera ona egitea produktuari, eta haren zaporeaz eta ezaugarri guztiez gozatzea”, adierazi du Alfonso Saenz de Camara Udapako gerenteak.
Bestalde, Leire Barañano Nekerreko zuzendariak azaldu duenaren arabera, “Beltza patata erakundeak daukan ezagutzaren eta ikerkuntzan egindako ibilbide luzearen emaitza da, sektoreari produktu berriekin laguntzeko helburuarekin, dibertsifikatzeko eta kontsumitzaileen eskaeretara egokitzeko asmoz. Zentro teknologiko baten eta enpresaren arteko lankidetza eta transferentziaren adibide ezin hobea dugu”.
Produktua sortzeko erabiltzen duten prozedura metodo naturaletan oinarrituta dago erabat, ezaugarri agronomiko onak dituzten eta laborearen gaitz nagusiekiko erresistentzia duten aldaera desberdinak gurutzatuz egiten baita.