Gizartea -

Koronabirusa

Sagardui: "Gabonetan ahalik eta gutxien mugitu eta batu behar gara"

Osasun sailburuak azpimarratu du norberak "zuhurtziarekin" jokatu behar duela eta LABIk hartutako neurriak ez direla "gonbidapen bat mugikortasunera".

Sagardui, ETB1eko elkarrizketaren une batean.
Gotzone Sagardui.
Gotzone Sagarduik LABIak hartutako erabakien inguruko zalantzak argitu ditu

16:16

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemia garaian egingo diren Gabonei begira LABI aholku batzordeak hartutako neurriak hizpide hartu ditu bileraren biharamunean Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuak. Nabarmendu duenez, neurriok (udalerrien konfinamendu perimetrala kentzea eta ostalaritza irekitzea) gorabehera, ideia da Gabonetan "ahalik eta gutxien batzea, ahalik eta talde txikienean, eta ahalik eta gutxien mugituta".

Sagardui ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan izan da goizean. Osasun sailburuak azaldu du neurriok egoera epidemiologikoaren arabera hartu dituztela, "bilakaera bat erakutsiz". Izan ere, hilaren 12an herrien arteko mugikortasuna ahalbideratuko dute, betiere lurraldearen barruan. Ondoren, abenduaren 23an, erkidegoaren barruan mugitzea, eta egun seinalatuetan, erkidegoen artean. Arlo horretan, Espainiako Gobernuak emandako irizpideari jarraituta jokatu du Jaurlaritzak, "akordioa mantenduta".

Dena dela, azpimarratu du garrantzitsuena "erantzukizunez" eta "zuhurtziaz" jokatzea dela. "Neurri hauek eta beste batzuk ez dira gonbidapen bat mugikortasunera. Neurri hauek egiten dutena da bideratu urteko aro berezi bat, baina gogora dezagun, aro hori ez dago immunizatuta, aro horretan pandemian gaude, eta hori da ahaztu ezin duguna", adierazi du.

Ostalaritzaren irekieraz galdetuta, Osasun sailburuak baztertu egin du ostalarien presioarengatik hartu dutenik erabakia, eta zehaztu du 14 eguneko 500 kasuko tasa metatuaren arabera arautzea erabaki dutela "egoerarik konprometituena" hor dagoelako. "Zorionez, ez dira herri asko tasa horretatik gora, eta ziurrena beste neurri batzuk hartu beharko ditugu tasa hori jaisten laguntzeko".

Aitortu du gerta litekeela ostalaritza itxita duten herri bateko biztanleak hala ez duten herritako taberna eta jatetxeetara joatea, baina horretan "jendearen zuhurtzian konfiantza" duela erantsi du. Sagarduiren hitzetan, "aldameneko herria joaten garenean beharrezkoak direnak egitera bakarrik joango gara, ez gara joango gure herrian egin ezin ditugun gauzak egiteko".

Terrazak ez ezik, barrualdea ere % 50era irekitzearen erabakia hizpide hartuta, Sagarduik esan du garrantzitsua dela "prebentzio neurriei" eustea, bai ostalariek zein herritarrek ere.

Gabonetako otorduetan bil daitezkeen jende kopuruari buruz ere itaundu diote Osasun sailburuari eta hor ere Espainiako Gobernuak erkidegoekin adostukoari eutsi diotela azaldu du, gomendioa bi unitate familiar izatera gomendatu badute ere. Arlo horretan lege aldetik etor litezkeen mugak saihestu nahi izan dituzte.

Azkenik, eskola kirola berrezartzearen inguruan, Sagarduik esan du erabaki dutela urtarrilera arte itxarotea: "Gabonetan eten egiten da jarduera, beraz, egokiago ikusi dugu urtarrilera arte itxarotea. Etorriko da erabakia".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal hiriburuak Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Jatetxeak azken ordukoa Tabernak gaur COVIDaren agerraldiak gaur Zer egin daiteke Euskadin? LABI Euskadi