Gizartea -
KATALUNIA
Gutxienez hiru hildako eta 17 zauritu Badalonako eraikin batean piztutako sutean
Suhiltzaileak garrak itzaltzeko lanetan ari dira eta Generalitateak ikerketa agindu du sua nola piztu den argitzeko. Abandonatutako eraikinean dozenaka lagun bizi dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez hiru pertsona hil eta beste 17 zauritu dira (bi egoera kritikoan daude eta lau larri) abandonatutako Badalonako eraikin batean bart piztutako sutean. Suhiltzaileak sua itzaltzeko eta eraikina jendez husteko lanean ari dira goizaldetik. Eraikinean dozenaka lagun bizi dira, beraz, hildakoen kopuruak gora egin dezake datozen orduetan.
Suhiltzaileak kontu handiz ari dira lanean, eraikina behera erortzeko arriskua dagoelako.
David Borrell Generalitateko Suhiltzaileen operazioaren buruak jakitera eman duenez, 13:00ak aldera beste gorpu bat aurkitu dute, eta, ondorioz, hildakoen kopurua hirura igo da. Gainera, 19 pertsona zauritu dira: hiru kritiko, lau larri eta 12 arin.
Sua asteazken goizean piztu da Gorg auzoan, Tortosa kalean dagoen hiru solairuko eraikin batean. Aspaldidanik abandonatuta dagoen eraikina da, baina ehun pertsona inguru bizi ome ziren bertan. Hori dela eta, baliteke datozen orduetan hildakoen kopuruak gora egitea.
Egoera kritikoan dauden bi zaurituak Vall d'Hebron eta Germans Trias i Pujol ospitaleetara eraman dituzte. Larri zauritutako lauretatik hiru Can Ruti ospitalera eraman dituzte eta laugarrena, berriz, Bartzelonako Mar ospitalera.
Sutearen tokian, David Borrell Generalitateko suhiltzaileen operatibo buruak azaldu duenez, ez du baztertzen barruan hainbat pertsona harrapatuta egotea. Hala ere, barruko egoera "bizitzarekin bateraezina" dela gaineratu du.