Gizartea -

Koronabirusa

Sagardui: "Ospitaleratuen zenbaketan izandako akatsak ez du kudeaketan eragin"

Covid-19ak jota, Euskadin igandera arte ospitaleratutako gaixoen kopurua bikoiztu egin da, datuak zuzendu ostean.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Argazkia: EFE
Gotzone Sagardui Osasun sailburua
Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19ak jota, Euskadin ospitaleratutako pertsona kopuruari buruz orain arte emandako datuetan ez dituzte antigenoen proben bidez diagnostikatutako gaixoak kontuan hartu, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak horri buruz esan du "akatsa" izan dela. Gainera, ziurtatu du akats horrek ez duela pandemiaren kudeaketan inolako eraginik izan.

Astero eman ohi duen prentsaurrekoan onartu du Sagarduik datuen argitalpenean izandako akatsa. Izan ere, atzo bertan Jaurlaritzak jakinarazi zuen azken bi asteetako txostenak "eguneratu" dituztela, ospitaleratzeei buruzko datuak oker zeudelako.

Hala, datuen berrikuspena egin ostean, igandera arte ospitaleratutako gaixoen kopurua bikoiztu egin da.

Osakidetzak berak ere atzo iragarri zuen plantan ospitaleratutakoen kopurua nabarmen aldatu dela, PCR positiboa zuten gaixoak soilik hartzen zituztelako kontuan, eta ez antigenoen testarekin diagnostikatutakoak. Ondorioz, 127 ospitaleratu gutxiago zenbatu zituzten.

Esan bezala, Osasun sailburuak eta Iñaki Berraondo sailburuordeak agerraldia egin dute asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean, pandemiaren bilakaeraren berri emateko, eta "datuen erauzketan egindako akats" horri buruz (prozesu "automatizatua" dena) mintzatu dira.

Nolanahi ere, Osasun Sailaren eguneroko buletinak "informazio publikorako" funtzioa duela azaldu dute, eta ez kudeaketakoa. Halaber, erabakiak hartzerakoan "datuak eguneratuta daude", azpimarratu dute. Gainera, akatsak ez du eraginik ZIUen kalkuluan, pandemiaren bilakaerari buruzko adierazleetako bat baita, gaineratu dutenez.

Sagarduik esan du, halaber, covid-19ak beheranzko joerari eutsi diola, "baina motelduta", eta kutsatzeen kopuruak "altuak" izaten jarraitzen duela. Hori dela eta, beharrezkotzat jo du "zuhurtziaz" jokatzea, EAEra txertoa iritsi arte. "Oraingoz itxaron egin behar da, pazientzia eskatzen dut", esan du.

Gardentasuna

Sagarduik nabarmendu du Osasun Sailak eta Osakidetzak modu "garbian" jokatu dutela uneoro, eta arazoaren berri izan dutenean datuak eguneratu dituztela. "Nahita egindako zerbait izan dela pentsatzea akatsa da", erantsi du.

Txertoak

Txertaketa noiz hasiko den galdetuta, gogora ekarri du Erresuma Batuan lehen txertoak jartzen hasiko direla, eta "gurera ere" iritsiko direla. Hala eta guztiz ere, "pzientzia" eskatu die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa