Gizartea -
Koronabirusa
"Derioko jaikoei desobedientzia egoztea izango da gakoa", abokatu baten ustez
Identifikatutako 67 gazteek bost neurri urratu zituzten, baina larriena agintaritzak esandakoa ez betetzea dela uste du Aitzol Asla Zuzenbide Prozesaleko irakasleak.
EITB.EUS
Abenduko zubian Derioko (Bizkaia) komentu bateko ostatuan egindako legez kanpoko festan parte hartu zuten 67 gazteek hainbat neurri urratu zituzten, baina larriena, agintaritzak esandakoa ez betetzea, edo desobeditzea da, Aitzol Asla abokatu eta Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Prozesaleko irakaslearen arabera.
Aslari elkarrizketa egin diote goizean ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan. Adituak azaldu duenez, "alarma egoera ezarri zuen dekretuak ez ditu berez isunak ezartzen, eta beste lege batzuetara jotzen du horretarako, batez ere Herritarren Segurtasuna Babesteko 2015eko legea aipatzen du. Lege horren 36. artikuluan esaten da agintaritzari desobeditzeak isun larria dakarrela. Nik uste izango dela gakoa".
Aslaren hitzetan, "Ertzaintza atestatua egiten ari da, eta ziur nago horretan jarriko duela indarra". Adituak azaldu duenez, irudietan argi geratzen da gazteek bazutela ostatutik ateratzeko agindua, baina ez zutela bete. Are, euren burua grabatzea "froga gisa" erabiliko dutela uste du.
Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak aurreikusi duen bezala, desobedientziaz gain, abokatuak zehaztu du honako neurriak urratu zituztela gazteek: musukorik eta distantziarik gabe egotea, sei pertsona baino gehiago biltzea, udalerritik kanpo egotea eta etxeratze agindua urratzea. Azken hori frogatzea izan da denetan "zailena", horren ustez, izan ere, ez zeuden etxean, baina ezta kalean ere. "Askok itxaron dute goiza izan arte isun hori saihesteko, baina zalantzagarria da", erantsi du.
Arau-hausteok dirutan zenbat ekar lezaketen galdetuta, Aslak esan du orain arteko epaiek urraketa bakoitzeko 600 bat euro ezarri dituztela, betiere zerbait larriagoa egon ez bada. "Kasu honetan ikusi behar da kasu honetan zerbait larriagoa leporatzen ote dieten", argitu du.