Gizartea -
Koronabirusa
Covid-19aren positibo berriak 452ra jaitsi dira EAEn eta 66ra Nafarroan
Positibotasun tasak % 6,5ean jarraitzen du EAEn eta % 6,2ra igo da Nafarroan.
EITB.EUS
6.985 froga diagnostiko egin zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 452 positiboak izan ziren (% 6,5eko positibo tasa).
Lurraldeka, 83 kasu atzeman ziren Araban, 224 Bizkaian, 144 Gipuzkoan eta kasu bakarra beste erkidego batzuetako pertsonen artean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako oharraren arabera.
Ospitaleen egoerari dagokionez, covid-19aren ondorioz 24 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta gaitza duten 130 pertsona daude ZIUetan.
Udalerrietako kasuak eta R0 indizea ez dira astelehenera arte eguneratuko.
Bestalde, Nafarroan covid-19aren 66 kasu positibo berri izan ziren ostiralean, kasuen jaitxiera bat suposatuz aurreko eguneko 101 kasuekin alderatuta.
Atzo 1.067 proba egin zituzten, PCR eta antigeno testen artean, eta, ondorioz, positibotasun tasa % 6,2koa da, Nafarroako Gobernuaren behin-behineko datuen arabera.
Astean zehar, Foru Erkidegoan 67 positibo izan dira astelehenean, 65 asteartean, 116 asteazkenean, 82 ostegunean, 101 ostiralean eta 66 kasu larunbat honetan.
Gipuzkoako egoitzetan hiru adineko hil dira azken orduetan, konkretuki, Donostiako zentroetan. Gainera, lau positibo berri baieztatu dituzte, bat Gipuzkoako hiriburuan eta beste hiru Irunen.
Foru Aldundiak jakitera eman duenez, bi hildako Garate Anaia-San Ignazio zentroan izan dira, eta beste adineko bat kutsatu da bertan. Hirugarren adinekoa Sanitas Miramon egoitzan hil da. Gainera, hiru positibo berri baieztatu dituzte Irungo Sorkunde egoitzan.
Bestalde, Bizkaiko egoitzetan adineko bat hil da azken 48 orduetan. Pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik 109 hil dira. Gainera, 163 adineko gaixorik daude, aurreko balantzean baino zortzi gutxiago.