Gizartea -

Ipar Euskal Herria

Ia 200 pertsonak segurtasun legearen aurka protesta egin dute Baionan

Elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, "askatasunen aurkako neurriak" salatzeko.

Elkarretaratzea Baionan (Lapurdi). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Elkarretaratzea Baionan (Lapurdi). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Elkarretaratzea Baionan (Lapurdi). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baionan manifestazio jendetsua egin dute Frantziako Gobernuaren Segurtasun Legearen kontra. Hainbat alderdik (Alderdi Sozialista, Komunista edo EH Bai), txaleko horiek eta beste zenbait sindikatuk deitu dute manifestazioa.

Beste behin ere, ehunka herritarrek segurtasun legearen aurka protesta egin dute Baionan. Aurreko bi larunbatetan egin bezala, Batzar Nazionalak lehen irakurketan onartutako lege-proiektuak erantzuna jaso du hiriburu lapurtarreko kaleetan.

Arratsaldeko lehen orduan ia 200 pertsonak elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, “askatasunen aurkako neurriak” salatzeko, Sud Ouest egunkariak zehaztu duenez.

Ipar Euskal Herriko hautetsi batzuek eta ezkerreko alderdietako ordezkariek protestarekin bat egin dute, lege-proiektua indargabetzea, Gerald Darmanin Barne ministroaren dimisioa eta Didier Lallement Pariseko Poliziaren buruzagia kargutik kentzea eskatzeko.

Frantziako beste 90 bat hiritan protestak errepikatu dira, nahiz eta Exekutiboak proiektuaren alde polemikoenak erreformatzeko asmoa azaldu.

Sindikatuek prekarietatearen aurkako mobilizazioak deitu dituzte. Ondorioz, bi aldarrikapenek bat egin dute.

Legearen 24. artikulua ezabatzeko borondatea azaldu zuen Frantziako Gobernuak. Segurtasun indarren irudiak grabatzeko eta zabaltzeko eskubidea mugatzen ditu artikuluak, Espainiako Mozal Legearen antzera. Prentsa eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoa dela uste dute manifestariek.

Artikulua berriz aztertuko dutela iragarri zuen Exekutiboak iragan asteazkenean, eta polizia eta jendarmeen irudiak grabatu eta zabaltzea debekatuko ez dutela ziurtatu zuen Emmanuel Macron presidenteak ostiralean.

Hala ere, manifestariek presioa mantentzen dute Frantziako kaleetan, ez direlako fidatzen, eta legea atzera botatzea aldarrikatzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Paris Frantzia Baiona Biarritz Maule albisteak Donibane Garazi bideoak Hendaia albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Emmanuel Macron Zuberoa azken ordukoa Lapurdi Nafarroa Behereko azken ordukoa