Gizartea -

Ikerketa

Bi atxilotu, Barakaldon aurkitutako gorpuzkiekin zerikusia dutelakoan

Gizon eta emakume bat atxilotu dituzte. Epaitegiak sumario-sekretua ezarri du auzian. Emakume atxilotua desagertuaren bikotekidea da, eta gizona haren bikotekide ohia.

Atxilotuen etxebizitza Barakaldon (Bizkaia). Argazkia: EFE
Atxilotuen etxebizitza Barakaldon (Bizkaia). Argazkia: EFE
Bi atxilotu, Barakaldon aurkitutako gorpuzkiekin zerikusia dutelakoan

0:50

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu, azaroaren 26an Arrontegi mendian (Barakaldo, Bizkaia) aurkitutako gorpuzkiekin zerikusia dutelakoan, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez. Gorpuzkiak desagertutako barakaldar batenak izan daitezke.

Gizon eta emakume bat atxilotu dituzte; hala ere, oraingoz ez diete heriotza leporatu. Epaitegiak sumario-sekretua ezarri du auzian. Emakume atxilotua desagertuaren bikotekidea da.

Azaroaren 26an Ertzaintzak gorpu baten bi hankak topatu zituen Arrontegi mendian, sastraka artean etxebizitza batzuetatik gertu. Barakaldoko bizilagun bat desagertu eta ikerketa abiatu zuten iragan uztailean. Ondoren egin diren bilaketetan ez da gorpuzki gehiagorik aurkitu.

Oraingoz, aurkitutako gorpuzkiak desagertuarenak direnik ez dute baieztatu, DNA probak oraindik bukatu ez dituztelako, baina horren susmoa dute ikertzaileek.

Azken orduetan desagertuaren bikotekidea atxilotu eta bi atxilotuen etxebizitza miatu dute, Barakaldon. Atxilotutako gizonezkoa emakumearen bikotekide ohia da.

Kriminaltasun zantzuak ikusita, desagertutako pertsona hil zutela uste dute ikertzaileek, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak azaldu zuenez.

Hasieratik, “kriminaltasun zantzuak” ikusi zituen Sailak desagerpenean; konkretuki, “bortxazko heriotza edo hilketa” aipatu zituen Erkoreka sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Barakaldo Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak