Gizartea -
Dora borraska atlantikoa
Autoek kateak behar dituzte Opakuan eta Herreran
Nafarroan, Iturzaetako lepoa eta Belagua itxita daude errepidean pilatu den elurraren ondorioz. Segurtasun Sailak kontu handiz gidatzea gomendatu du Azazetan, Gasteizko mendatean eta Bernedon.
eitb.eus
Dora borraska atlantikoak elurra, hotza, haize ufada eta olatu handiak ekarri izanak alerta indarrean jartzea eragin du, eta aurreneko elurteek arazoak sortu dituzte jada errepideetan. Horrela, autoek kateak behar dituzte Opakua eta Herrera mendateetan, eta Azazetan, Gasteizko mendatean eta Bernedon kontuz gidatzeko gomendatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Sare nagusiko gainerako mendateetan zein bigarren mailako errepideetan normaltasuna da nagusi Euskal Autonomia Erkidegoan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Nafarroan, Iturzaetako lepoa (NA-2011) eta Belagua (NA-137) itxita daude errepidean pilatu den elurraren ondorioz, Foru Gobernuak ohartarazitakoaren arabera.
Ostegunean, Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri zuen olatuengatik ostiralerako eta larunbaterako. Larunbatean, 7 metroko olatuak espero dira kostaldean. Gainera, elurra botako du gaur 500-600 metrotik gora, Euskalmeten esanetan.
Nafarroako ipar-ekialdean, Pirinioetan, gutxienez 8 zentimetroko elur geruza pilatuko da 24 ordutan 1.000 metrotik gora, Estatuko Meteorologia Agentziak ohartarazi duenez, eta, hori dela eta, abisu horia ezarri dute inguru horretan.
AP-68an, Orozko (Bizkaia) parean, gertatutako istripu batek eta A-8an, Bilbon, auto batek izandako matxurak arazoak sortu dituzte Bizkaian.
AP-68 autobidean, Orozko parean, bi pertsona zauritu dira gaur goizean, autobus batek eta bi ibilgailuk talka eginda, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera.
Ezbeharra 07:00ak aldera gertatu da Orozkon, Gasteizera bidean, eta, ondorioz, auto-ilara luzeak sortu dira.
Bestalde, Nafarroan, ibilgailu bat errepidetik atera da Los Abetos izeneko bidegurutzean. Pertsona bat Tuterako ospitalera eraman behar izan dute, Foru Erkidegoko suhiltzaileek jakinarazi dutenez. Tuterako eta Azkoiengo suhiltzaileak bertaratu dira, baita Foruzaingoa ere.